15.000 liburuez gain, eLiburutegiak pelikulak eta egokitutako audioliburuak eskainiko ditu

0    Kultura 
Ana
15.000 liburuez gain, eLiburutegiak pelikulak eta egokitutako audioliburuak eskainiko ditu
2018, Eka 14

Atzo zabaldu zuen berria Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak: gaurtik aurrera Euskal Herriko liburutegietako erabiltzaileek eLiburutegiaren azken berritasunak disfruta ditzakete, 1.600 film eta dokumental baitituzte aukeratzeko. Euskal zinemagintzak aipatuen artean pisu berezia izango du. Horiez gain, eduki digitaleko online plataforma publiko honek egokitutako 600 audioliburu ere izango ditu gaurtik aurrera, Daisy formatuan, eta horien erdia euskaraz dago. Zerbitzu berri horiek eLiburutegiak orain arte eskaintzen zituen horiei gehituko zaizkie: 15.000 liburu baino gehiago, 24.000 erabiltzaile eta, iaz, 45.000 mailegu baino gehiago eskaini zituen.

Apustuak eLiburutegia proiektua bultzatu nahi du eta, era berean egile-eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kultura kontsumo arautu bat sustatu nahi du.

Pelikulak
Infobibliotecas enpresaren eFILM ekimenarekin sinaturiko akordioari esker, Eusko Jaurlaritzak 1.600 film eskaini ditzake gaur eLiburutegia plataforman. Bi aldeek sinatu duten konpromisoaren arabera, urte amaieran eLiburutegiak 2.000 film izango ditu, eta horietako 300 euskaraz izango dira (egun, berrogeita hamar bat film daude euskaraz baina pertsona bat dago eginkizun horretan lanean, lizentziak izapidetuz, euskarazko filmak askoz ere gehiago izan daitezen hemendik gutxira).
Akordioaren bitartez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak mailegu bakoitzaren prezioa ordainduko du, mailegu baten batez besteko prezioa 50 zentimokoa delarik. Honela, mailegua doakoa da erabiltzaileentzat eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere baitan egile eskubideak hartzen dituen prezioa ordainduko du. Sailak 93.000 euroko inbertsioa aurreikusi du urte honetarako, 186.000 mailegu ahalbidetuz. Nolanahi ere, proiektua abiarazi eta ondorengo hileetan aurreikusitako urteko inbertsioa nahikoa den ala ez ikusiko da.
Filmen kasuan, maileguak hiru eguneko epea esleitzen du eta erabiltzaileak nahi adina aldiz ikus dezake filma epe horren barruan. Erabiltzaile bakoitzak bi mailegu eska ditzake asteko; eta zortzi mailegu hilean, gehienez. Filmek genero ugari hartzen dituzte barne, eta jarraitu den irizpide nagusietako bat kalitatearena izan da. Liburutegi Zerbitzuko langileen ardura izan da bahetze-lana egitea. 9.000 filmetik gorako hasierako eskaintza batetik, 1.600 film aukeratu dira beren kalitatea eta interesari erreparatuz. Gazteleraz eskuragarri dauden filmak -1.500etik gora egun- jatorrizko bertsioan ikus daitezke ere eta zenbait kasutan gaztelerazko azpitituluak jartzeko aukera ematen dute.

Egokitutako audioliburuak
Aipatu 1.600 filmez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egokitutako 600 audioliburu eskuratu ditu. Liburu horiek Daisy formatuan daude (Digital Accesible Information System-Informazio Sistema Digital Irisgarria). Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat bereziki pentsatutako sistema bat da: testua eta tratamendu berezia duen audioa uztartzen ditu.
Ondokoak dira sistema honen abantailak:
– Nabigazio malguago bat (kapituluez haraindi, orrialde zehatz batera joateko aukera ematen du).
– Testuaren tamaina egokitu daiteke.
– Audioaren abiadura erabiltzaile bakoitzaren egoerara egokitu daiteke.
– Irakurketa markak ezartzeko aukera ematen du.
Formatua ikusmen arazoak edo dislexiari loturiko arazoak dituzten pertsonentzat pentsatua dago bereziki, nahiz eta horrelako arazorik ez duten pertsonek liburu hauek maiz erabiltzen dituzten. Liburua erabiltzeko, halere, Daisy formatuko liburuak irakurtzea eta entzutea ahalbidetzen duen aplikazio bat aplikatu beharra dago. Apustu honen bidez, Kulturaz gozatzeko eta kultura kontsumoa egiteko aukera bermatu nahi zaie biztanle guztiei. Euskadi, honela, bere liburutegi publikoetan ikusmen arazoak eta irakurtzeko arazoak dituzten pertsonentzat egokitutako mailegu digitalak eskaintzen dituen Estatuko lehen erkidegoa bilakatu da.
Eusko Jaurlaritzak, ekimen hau bultzatu ahal izateko, argitaletxeak eta Benetch Fundazioa jarri ditu harremanetan, teknologiaren arloan lan egin eta gizarte-izaerako ekimenak sustatzen dituen irabazi-asmorik gabeko fundazioa. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak Daisy formatuan dituzten lizentzia guztiak erosiko dizkie argitaletxeei, eLiburutegia proiektuko izenburuetako eskubideak erosten dituen baldintza berberetan. Ekimen hau esperientzia pilotu gisa planteatu da eta bere emaitzak ikusi eta gero, izenburu berriak erosteko aukera eztabaidatuko da argitaletxeekin. Esfortzu berezia egin da euskarazko ahots-sintetizadorearen kalitatea hobetzeko, Daisy formatuko 600 audioliburu horien erdia euskaraz baitago.

Beste berritasun batzuk
Azkenik, Armiarmarekin sinaturiko akordio bati esker, eLiburutegiak literatura-txoko bat sortu du. Bertan, liburutegi digitaleko erabiltzaileek literatura-arloari loturiko pertsonen inguruko efemerideak jasoko dituzte egunero. Egile ezberdinen inguruko erreferentziak argitaratuko dira egunero eta, aldi berean, beren lanetara zuzenean sartzeko aukera emango da. Honela, atal berri honi esker, literatura-gomendioetatik edukietara zuzenean joateko aukera dago, literaturakomunitatearen kultura sustatuz.

eLiburutegiko erabiltzailea izateko
Euskadiko Irakurketa Sareko Publikoko, gure kasuan Eibarko Liburutegiko bazkideek liburutegiko beste zerbitzuetara sartzeko erabiltzen dituzten datu berdinak (bazkide zenbakia eta pasahitza) behar dituzte eLiburutegian sartzeko. Pasahitza ahaztu baduzueliburutegira jo beharko duzue eta berri bat emango zaizue. Sareko
liburutegi publiko bateko erabiltzaile ez direnek txartela eska dezakete udal liburutegian eta plataformara sartzeko beharrezko datuak emango zaizkie.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »