Amets Arzallus bertsolari eta idazlearekin solasaldia Armeria Eskolan

Amets Arzallus bertsolari eta idazlearekin solasaldia Armeria Eskolan
2022/02/15 eta kitto!
EPA Eibar HHI ikastetxeak Amets Arzallus bertsolari, idazle eta kazetaria ekarriko du, Armeria Eskolan literatura solasaldia eskaini dezan. Arzallusek ‘Miñan’ liburuaren inguruan jardungo du eguenean, 15:30ean, eta bertaratutakoen galderei erantzungo die liburuaren pasarte batzuk irakurri ondoren.

EPAk antolatutako saioa irekia izango da, baina ikasleek sartzeko lehentasuna izango dute. Dena dela, 100 lagun bildu ahal izango dira Armeria Eskolan eta aforoa bete arte jendea sartu ahal izango da. Saioa euskaraz eta gazteleraz egingo da, euskarari lehentasuna emanik, baina EPAko ikasle askok euskaraz egiten ez dakitela kontuan hartuta.

 

Captura de pantalla 2022-02-15 a las 11.40.58

 

Ibrahima Balderen bizitza

Arzallusek Ibrahima Baldek ahoz kontatutako istorioa idatzi du ‘Miñan’ liburuan. “Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du”, dio liburuaren sinopsiak.

(Argazkia: berria.eus)