Ander Maiora, idazlea: “Heraklitoren estilo orakular eta iluna garatu eta gaurkotu dugu”

Ander Maiora, idazlea: “Heraklitoren estilo orakular eta iluna garatu eta gaurkotu dugu”
ETA KITTO 2020, Eka 26

Ander Maiorak Jose Luis Trullorekin “lau eskutara” ‘Meandros. En torno a Heraclito’ liburua idatzi du. Idazle biek Heraklitoren figurarekiko duten interesetik abiatzen den liburua da, eta bata bestearekiko kilometro askotara bizi arren, liburua sortu dute, “urrutiko harreman duten bikote-harremanetan bezala”. apeaderodeaforistas.es webgunean eskuratu daiteke liburua.

 

Nolakoa da idatzi duzun liburu berria? Zein gai lantzen dituzu? Nola dago osatuta?

Jose Luis Trullo (Bartzelona, 1967) eta biok lau eskutara idatzitako liburua da. Greziako filosofo presokratikoa izan zen Heraklitorekin elkarrizketa irudikatu dugu. Mendebaldeko aforismoaren aitzindaria da Heraklito eta, omenaldi gisa, bere burutazioak oinarri hartuta, bere estilo orakularra eta iluna garatu eta gaurkotu nahi izan dugu. Liburua hiru zatitan banatuta dago, batetik bestera aurrera egin ahala intentsitatea areagotuz.

 

Nondik abiatu zara liburua idazteko?

Jose Luis Sevillan bizi da eta bertan ezagutu nuen, hortaz, distantzian eramaten diren bikote-harreman horien antzera, liburu hau ere halaxe sortu dugu. Heraklitoren figurarekiko biok genuen interesak elkartu gintuen eta elkarrenganako mezu laburren bidez joan ginen liburua osatzen.

 

Zerk bultzatzen zaitu idaztera?

Nire barrunbeak bultzatzen nauela suposatzen dut. Barne-sentimenduak, gogoetak, bizipenak… horiek denak kanpora ateratzeko beharrak harrapatu eta exorzizatzen nau. Ziur nik neuk ere ezezagun ditudan beste motibazioak ere izango direla, auskalo.

 

‘El Paramo’ liburuarekin arrakasta lortu zenuen, baita ‘AdA’ saria ere. Nola jaso zenuen? Presioa ematen dizu hurrengo liburuak idazteko orduan?

Sariak asko poztu ninduen. Hurrengo liburuei begira presioa baino, horrek indarra eman zidala esango nuke.

 

Aforismoen bidetik jo duzu idazteko orduan. Zergatik?

Gaur egungo erritmoa batetik eta, bestetik, lanbide gisa, idazketan ez diharduen eta adin txikiko bi seme-alaba dituen aita izanik, idazteko malgutasuna ematen duen genero laburra da aforismoa. Edonon eta edozein egoeratan zaudela jaso ditzakezu zure gogoetak paperezko zapi batean zein mugikorrean. Gogoeta horiek garbira pasatzerakoan datoz buruhausteak. Hor bai, bukaezinezko zuzenketak eta bueltak eman ditzakezu hamaika zentzu edo esanahi desberdin emanez.

 

Hala ere, poesia lanak ere idatzi dituzu. Zer bultzatzen zaitu modu batera edo bestera idaztera?

Aforismoa eta poesiaren arteko diferentzia nagusiena forman besterik ez dago. Gogoetak, erreflexioak edo meditazioak aforismo bezala agertzen zaizkit batzuetan eta bestetan, aldiz, poesian irudikatzen ditut. Bata bestearekiko oso hurbil dauden generoak dira biak. Izan ere, autore edo idazle asko dira biak jorratzen dituztenak.

 

Momentu honetan sasoi berezia bizi dugu. Inspirazio iturri izan daiteke? Edo kontrakoa?

Gehiengoak bezalaxe larritasunez bizi izan dut ezohiko egoera hau eta halaxe jarraitzen dut. Espiritualki asko mugitu eta erakutsi digula esango nuke. Ezagutzen dugun mundu honetan gure tokia edo pasabidea finitoa eta ahula dela, oso, aurpegiratu digu COVID-19ak. Heraklitok zioen bezala: dena sutatik dator eta sutara itzuliko da.

 

Bestela, normalean, nola sortzen zaizu inspirazioa?

Inspirazio-iturria bizitza bera da: egunerokotasuna, irakurritakoa, ikusitakoa, gertaera desberdinak, pentsamenduak, elkarrizketak… Hala ere, inspirazioa baino, lana da ezinbestekoa. Lehen aipatu bezala, apunteak hartu eta, ondoren, garatzen ditut ideiak. Hainbat ideia aforismo izatera pasatzen dira, beste batzuk poesia bilakatzen dira eta beste askok zakarrontzian amaitzen dute.

 

Liburu berria duzu eskuan, baina buruan baduzu hurrengo proiektua?

Bi-hiru proiektu ditut esku artean. COVID-19ak lehertutako krisialdia edo egoera etorri aurretik argitaletxe batekin poesia-liburu bat ateratzeko bidea hasita genuen, orain “normaltasun berri” honetan ikusi beharko da horrekin aurrera egin dezakegun. Bizitzak aurrera dirau, hala nola, eta baita gogoetak eta proiektuak ere. Heraklitok zioen bezala, urak bere bidea aurrera jarraitzen du eta gu ez gara inoiz erreka berean bitan bainatuko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »