Bernardo Atxaga, idazlea: “Garai zailetan bilgunea izan zen Euskaltzaindia”

Bernardo Atxaga, idazlea: “Garai zailetan bilgunea izan zen Euskaltzaindia”
ETA KITTO 2019, Ots 15

Euskaltzaindiak mendeurrena bete du eta hainbat ekitaldi artistiko antolatu ditu ospatzeko. Hilaren 20an, adibidez, Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Kruz Gurrutxaga aktoreak ‘Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan’ izeneko irakurraldi dramatizatua eskainiko dute Juan San Martin liburutegian 19:00etan. Orain dela hainbat urte Atxagak Martuteneko presondegian emandako hitzaldi batean du oinarria.

 

– Nolako ikuskizuna eskainiko duzue liburutegian?

‘Paradisua eta katuak’ edo ‘Henry Bengoa Inventarium’ ikusi dutenek jakingo dute azken 30 urteetan horrelako irakurketa bereziak egin ditudala. Kasu honetan irakurketa dramatizatua egingo dugu Jose Kruz Gurrutxagak eta biok; berak aktorearen mugimendua jarriko du, drama, eta nik irakurketa egingo dut. Martunenen eman nuen hitzaldi baten inguruko hitzaldia izango da, hitzaldi bat beste hitzaldi baten barruan.

– Kasu hartan presoak izan ziren hitzaldiaren entzuleak. Literaturak nolako eragina izan dezake askatasuna kendu dietenen artean?

Literaturan eta arte guztietan nolatasuna da gakoa, gauzak nola egiten diren. Hori da torlojua, eta ondo kokatzen bada, nonahi egin daiteke berba edozertaz. Hango publikoa era batekoa zen eta modu batean eman nuen hitzaldia, eta Eibarren beste modu batera emango dut. Martutenekoaz gain esperientzia gehiago izan ditut, baita zailagoak ere. Esate baterako, uda aldean euskal literatura berriari buruz antzeko gauza bat egiten badut, Mauzac presondegian zentratuko da kontakizuna. Frantziako gaizkile sexualen presondegi nagusia da. Euren aurrean hitzaldia eman nuen eta gogorra izan zen.

– Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko egin diren ekintzen barruan dago ikuskizun hau. Zer iruditzen zaizu 100 urte hauetan Euskaltzaindiak egin duen lana?

Garai zailetan bilgunea izan zen Euskaltzaindia. Ez ziren euskaltzale guztiak egon, baina euskal munduko intelektual funtsezkoenak egon ziren. (Resurrecion Maria de) Azkue egon zen, erraldoi bat; eta baita Koldo Mitxelelena eta beste asko ere. Askotan iraganari begiratzen diogu eta iraganeko jendearen gainetik kokatzen dugu gure burua, bizirik gaudelako gehiago garela pentsatuz, baina Azkue baino gehiago izatea oso zaila da. Azkuek pultsuan atera zuen Euskaltzaindia eta gero jende asko eduki zuen atzetik. Euskera batuaren erabakia funtsezkoa izan zen, hil ala bizikoa, eta ondo hartu zen. Gaur egun, Euskaltzaindia gizarteratzen ari da. Euskaltzaindia ez da bakarrik gramatika edo onomastikaz arduratzen den erakundea, gizarteaz ere kezkatzen da, eta horretarako literatura eskaintzen du.

– Euskaltzaindiaren ‘Erlea’ aldizkariaren zuzendaria izan zara eta 2018ko azaroan kaleratu zenuten azken zenbakia. Betiko esan digu agur?

Bai. Zenbaki borobilek atsegina ematen dute eta 12 zenbaki borobila da gure kulturan. Aldizkariak erakutsi behar zuen guztia erakutsi duela uste dut. Produkzio, idazle eta sortzaileen aldetik euskal kulturan nolabaiteko indar bat dagoela erakutsi du. Aldi berean erakutsi du sortzaileen lana albo batera uzten bada, hortik aurrera euskal kulturan oso gauza gutxi daudela, ikaragarri ahula dela. Han eta hemen esaten ari naiz, aspertzen naizen arte, euskal kulturan gabiltzanon arazoa ez dela produkzioa, banaketa baizik. Egindako hainbat gauza eder nola iritsi, nola erakutsi eta nola jendeak bereganatu da arazoa. Oso gauza berezia da. Eibarko etxe batean gauza eder bat idatzi daiteke, eta aldameneko etxean ez dute horren berririk edukiko, adibidez. Hori da guri gertatzen zaiguna eta oso arazo larria da. ‘Erleak’ aldizkariak hori erakutsi du, ikusezina izan da de facto. Zuzendari bezala esan dezaket, batez ere beste askok idatzi dutelako, oso aldizkari aparta izan dela. Paulo santuak esan zuen bezala, hau da milizia lurraren gainean.

 

Argazkia: Basso Cannarsa.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »