Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren 90. urteurrena gogoratzeko Udalak antolatu dituen jarduerak aurkeztu dituzte

Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren 90. urteurrena gogoratzeko Udalak antolatu dituen jarduerak aurkeztu dituzte
2021/04/07 eta kitto!
Eibarren beste inon baino lehen II. Errepublika aldarrikatu zutela 90 urte beteko dira apirilaren 14an eta, hori gogoratzeko, Udalak hainbat jarduera antolatu ditu datozen egunotarako, gaur goizean eman duten prentsaurrekoan azaldu dutenez. Ego Ibarra batzordearen eta Kultura sailaren eskutik hitzaldiak, bisita gidatuak, erakusketak eta antzerki zein musika emanaldiak egingo dira, besteak beste. Gainera, Errepublikaren aldarrikapenaren 90. urteurrenak Eibarren sorreraren 675. urteurrenarekin bat egingo du aurten eta, osasun egoerak baldintzatuta bada ere, efemeridea gogoratzeko egitarau berezia antolatu dutela adierazi dute Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta Idoia Sarasketa Ego Ibarra batzordeburuak.

Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten egun hura gogoan, Ego Ibarra batzordeak bi hitzaldi antolatu ditu. Lehen hitzaldia Berdintasun sailarekin elkarlanean antolatu dute eta apirilaren 14an izango da, 19:00etan Coliseoan. Maria Jose Vila Rodriguez EHU-ko ikerlariak, “La II República y la mujer: política, legislación y educación” izenburukoa emango du, gazteleraz. Eta bigarren hitzaldia, “Errepublikanismoa Gipuzkoan: Eibarko Paktu Federaletik (1869) Errepublikaren aldarrikapenera (1931)” izenburukoa, Unai Belaustegi Bedialauneta EHU-ko irakasleak emango du, euskeraz. Apirilaren 21ean izango da, 19:00etan, Coliseoan. Sarrera doan izan arren, joan nahi duenak aurretik gonbidapena eskuratu beharko du, Coliseoko leihatilan (astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era) edo Kutxabank zerbitzuaren bitartez.

Horrez gain, Jesus Gutierrez historialariak zortzi bisita gidatu egingo ditu: lau euskeraz izango dira (apirilaren 17an eta maiatzaren 1ean) eta beste lau gazteleraz (apirilaren 10ean eta 24an). Bisitak goiz eta arratsaldez izango dira eta gehienbat Untzaga plazan eta udaletxean ibiliko da Gutierrez, azalpenak ematen. Parte hartu nahi duenak aurretik eman beharko du izena, 943 70 84 35 telefonora deituta edo kultura@eibar.eus helbide elektronikora mezua bidalita.

Aipatutakoez gain, bi antzerki emanaldi eta kontzertu bat antolatu dira: apirilaren 17an, 19:00etan Coliseoan “Los hermanos Machado” taularatuko du El Temple antzerki konpainiak eta apirilaren 23an, berriz, Goitibera taldeak “Kasilda, bukatzen ez den sua” aurkeztuko du, hori ere 19:00etan Coliseoan. Eta apirilaren 16an Bernardo Garcia Huidobro maisuak “La generación del 27 o de la República Española” (27ko edo Espainiako Errepublikako belaunaldia) gitarra kontzertua emango du (19:00etan, Coliseoan).

Eta, egitaraua biribiltzeko, bihar 19:00etan, Perez Güenaga anaiek egindako II. Errepublikako ibilgailu eta abioien maketa erakusketa zabalduko dute Armagintzaren Museoan.