Bixente Martinez musikariak lehen bakarkako lana kaleratu du

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Bixente Martinez musikariak lehen bakarkako lana kaleratu du
ETA KITTO 2021, Urr 04

Oskorri, Hiru Truku tea Igelaren Banda taldeetan aritutako Bixente Martinez gitarra-jotzaile eibartarrak ‘Txoria buruan eta ibili munduan’ diskoa kaleratu du, bere lehen bakarkako lana. LP eta CD formatuan argitaratutako obra instrumentala da eta Oskorri taldearen kantak ditu oinarri. Horrela, lan horretan taldearen piezak biluztu ditu, esentzia bildu eta moldaketak egiteko.

Diskoaren ideia 2020ko konfinamenduan otu zitzaion Martinezi. “Denok etxean sartuta egotera behartuta egon ginen une haietan, gitarra hartu eta kantu ezberdinekin hasi nintzen jolasten”, adierazi dio Diario Vascori. Segituan ikusi zuen diskoa konkretatzeak merezi zuela eta modu naturalean eskuetara etorri zitzaizkion Oskorriren kantuei bigarren begirada botatzen saiatu da.

Diskoaren grabaketa Zarautzen duen estudioan egin du Martinezek 2021ko apirila eta maiatza bitartean. Lanak 14 abesti ditu (‘Aita semeak’, ‘Ostatuko neskatxaren koplak’ eta ‘Gu gaituzu Oskorri’, besteak beste) eta Jean Phocas, Victor Sanchez, Esther Galarza eta Irune Izquierdo izan ditu laguntzaile nahasketa, masterizazioa, eta azaleko lana eta diseinua egiteko orduan, hurrenez hurren.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »