Cesar Sarachu, aktorea: “Umore eta imajinazio asko dituen antzezlana denez, erraza da konektatzea”

Cesar Sarachu, aktorea: “Umore eta imajinazio asko dituen antzezlana denez, erraza da konektatzea”
ETA KITTO 2019, Urr 08

Betaurrekoak apurtuta dituenez, graduatuta dituen igeriketako-betaurrekoak janzten ditu Cesar Sarachu aktoreak ‘Intensamente azules’ antzezlanean. Betaurreko urdinekin bizitza beste modu batean ikusten hasten da eta publikoari barrea eragingo dioten momentuak eskainiko ditu eszenatoki gainean. Antzezlana hilaren 11an, barixakuan, egongo da ikusgai Coliseoan 20:30ean.

 

– Nola ikusten da bizitza igeriketa-betaurrekoekin?

Modu ezberdinean. Igeriketa-betaurrekoek begirada ezberdin bat eskaintzen dute, gauzak lehenengo aldian bezala berriz begiratzeko gaitasuna: aldez aurretik pentsatutako idearik gabe, jolasteko eta gauzak deskubritzeko gogoarekin eta imajinazioa lanean jarriz.

– Beraz, modu xumean bada ere, Superbotereak dituzte?

Bai. Betaurrekoen eta betaurrekoak janzten dituen pertsonaren arteko kontua da. Harritzeko gaitasuna berreskuratzeko boterea dute. Esaerak dio begiratzen den kristalaren kolorearen araberakoak direla gauzak eta kasu honetan kristala (edo plastikoa, igeriketako-betaurrekoak direlako) biziki urdina da, graduatua, eta pertsonaiak bizi duena ikusita mundua beste modu batean ikusten da. Momentu atseginak bizi ditu, baina beste batzuk gatazkatsuagoak dira, emazteak eta seme-alabak ez daudelako oso gustora gizon horren bertsio berriarekin. Modu asko dago kontatzen dugun istorioa ulertzeko, zertzelada asko dituelako. Beno, ez dut antzezlan guztia kontatuko, jendea ikustera joan dadila (barreak).

– Publikoak barre egingo duela argi dagoela ematen du.

Umore asko dago Juan Mayorgaren testuan. Asko jolasten dugu. 15 pertsonaia dituen istorioa da, ni naiz aktore bakarra eta izaera surrealista du. Beraz, imajinazio eta fantasia asko behar da, publikoak jolasa jarraituko duen esperantzarekin. Zorionez erantzun hori ikusi dugu orain arte, publikoak atseginez ikusten duela. Umore eta imajinazio asko dituen antzezlana denez, erraza da berarekin konektatzea. Ez da lerro logikoa jarraitzen duen lana, ez da ohiko antzezlan bat, ezberdina da.

– Esan bezala antzezlanak 15 pertsonaia ditu eta zu zara aktore bakarra. Nolako erronka izan da zuretzat?

Berria izan da niretzat. Asko jolastu behar duzu hainbeste pertsonaia egiteko. Gauza errazekin markatzen dut pertsonaia bakoitza: zertzelada txikiekin, keinu fisikoekin, ahotsaren tonuarekin… Ezin da gehiegi sakondu pertsonaia bakoitzean, bestela ezinezkoa izango zelako. Nekeza da ordu eta laurden eszenatoki gainean egotea, denbora guztian berba egiten eta hainbeste pertsonaia antzezten. Oso kontzentrazio maila zorrotza eskatzen du, baina oso polita da, erronka bat.

– Juan Mayorgarekin berriz elkartzen zara antzezlan honetan. Zer moduz berarekin?

2015ean Reikiavik lana egin genuen eta pozik ibili ginen. Antzerkigintzako gizon handi bat da Juan. Estatuko dramagintzako izen handienetakoa da. Zuzendari bezala ez du hainbeste esperientziarik, baina antzerkia oso ondo ezagutzen du eta antzerkia talde-lanean egiten dela uste du, nik bezala.

– Telebistan, zinean eta antzerkian ikusi zaitugu. Non sentitzen zara erosoago?

Proiektua polita bada, edozein tokitan zaude ondo. Bitartekoak baino, proiektuak egiten du gustora egotea edo ez.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »