Gaizka Garitano: "Umeak gazteleraz gerturatu eta guri euskeraz entzutean eurak euskeraz hasten ziren"

Gaizka Garitano: "Umeak gazteleraz gerturatu eta guri euskeraz entzutean eurak euskeraz hasten ziren"
2015/05/25 00:00
eta kitto!

Goizeko 9etan eman zaio hasiera Eibarren (Portalea) ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako "Euskeraren Transmisioari buruko Mintegia"ri. Eguerdian, iragarrita zegoen bezala, Gaizka Garitano foball entrenatzailaren txanda izan da. Urtxintxa Eskolako Jaime Altunak egindako elkarrizketan, Garitanok euskeraren erabilerari buruzko gogoeta egin du: "Komunikabideetan asko agertzen garanok badugu eredu izateko ardura. Gauza txikietan bada ere, beti egiten dut euskeraren aldeko autua. Umeak gazteleraz gerturatu eta euskeraz entzutean eurak ere egiten hasten ziren. Euskaldunok beti erabili behar dugu euskera, lotsak alde batera lagata. Erabilerak bermatuko du biziraupena. Transmisioa goitik behera etorri behar da umeentzat erreferente diren lekuetatik: gurasoak, irakasleak, entrenatzaileak... Bakoitzak sentitzen duenari eman behar dio garrantzia, barruak eskatzen dizunari kasu egin".


"Eibarren, klubaren aldetik babes osoa izan dut euskaraz bizitzeko eta eskertzekoa da. Aldagelan plazan gertatzen den gauza bera gertatzen da, hizkuntza jendearen araberakoa da. Foballaren terminologia nahiko erdalduna izan da, baina poliki ari da aldatzen. Klubek erantzunkizuna daukate, baina beste ardura batzuk euskeraren aurretik ipintzen dira. Euskera beste arduren mailan ipini arte, nekez aldatuko dira gauzak".


Gaizka Gaotanoren esanetan, "hemengo kazetariek emandako laguntza eskertzekoa da. Kazetariekin berba egin eta hainbat eskakizun bete dira, adibidez Etb2-rako elkarrizketak gazteleraz ez egitea. Bakoitzak, bera dagoken tokitik, bere esku dagoena egiten ez badu, ez du beste inork egingo. Geuk euskaldunok, egin behar dugu lan hemen, geuk egiten ez badugu, nork egingo du ba?".