Gaur zabaldu da “Harixa Emoten” irakurketa taldean izena emateko epea

Gaur zabaldu da “Harixa Emoten” irakurketa taldean izena emateko epea
2018/07/16 14:25
eta kitto!
Karlos Linazasoro, Garazi Arrula Ruiz, Gotzon Hermosilla eta Maixa Zugasti idazleak izango dira, besteak beste, irailetik aurrera Eibarko udal liburutegiak antolatzen duen euskarazko “Harixa Emoten” irakurketa-taldean. Eibarko Udal Liburutegiak gaur zabaldu du “Harixa Emoten” irakurketa-taldean izena emateko epea eta irailaren 7ara arte izango dute horretarako aukera jarduera horretan parte hartu nahi dutenek.
Euskaraz izaten diren saio hauetan idazleak bere liburua irakurri duten irakurleei haren gaineko ideiak, esperientziak eta bizipenak elkartrukatzeko aukera eskaitzen die, aurrez aurreko solasaldien bitartez. Hilean behin elkartzen dira Portaleko Kulturako bilera gelan 19:00etatik 20:00etara eta dohainik izaten da.

Saioetara joateko konpromisoa eskatzen da behin izena emanez gero eta solasaldian parte hartuko duen bakoitzari liburua lortzeko konpromisoa hartzen du Liburutegiak. Horretarako, aldez aurretik izena eman behar da. Izena eman nahi dutenek Liburutegira
jo beharko dute, edota telefonoa edo emaila erabil dezakete. 16 urtetik gorakoek har dezakete parte eta gehien jota 20 pertsona onartuko dira taldean. Gehiago izanez gero, zozketa egingo da. Lehen saioa irailaren 25ean izango da eta Karlos Linazasororen “6012” liburua aztertuko dute.