Harkaitz Cano, idazlea: “Errealitatea, fikzioaren tresnen bidez baino ezin da kontatu”

Harkaitz Cano, idazlea: “Errealitatea, fikzioaren tresnen bidez baino ezin da kontatu”
ETA KITTO 2019, Abe 03

‘Harixa emoten’ saioan gaur egungo euskal literaturako izen handi bat egongo da abenduaren 3an, martitzenean, Juan San Martin liburutegian. Izan ere, irakurleek Harkaitz Cano idazlearen bisita jasoko dute hainbat sari eta kritika bikainak jaso dituen ‘Fakirraren ahotsa’ liburuaren inguruan solasaldia egiteko.

 

– Imanol abeslaria da ‘Fakirraren ahotsa’ liburuaren ardatza. Zergatik bera?

Imanol Larzabal tximistorratz antzeko bat da. Oso leku eta une seinalatuetan egon zen: ETAren hastapenetan Frankismoaren kontra fronte kulturalean, Iparraldean errefuxiatua, Parisen exilioan, Sarriren ihesean kantari Martutenen, Yoyesen hilketa salatzeko jaialdian abesten… Gure historia garaikidearen zati garrantzitsu bat konta daiteke haren bidez. Eta historia horrekin batera, bere kontraesanak eta gureak jorratzen saiatu naiz, giza alderdiari arreta berezia jarriz.

– Fakirra goitizena jaso zuen. Zergatik goitizen hori?

Gela berean lo egiten zuen militantziako lagun batek esan ei zion behin, goizean goiz luze-luze ohean erdi biluzik ikusi zuenean: “Fakir bat ematen duk txima horiekin eta horrela etzanda!”.

– Fakirra izateko, zerbait berezia izan beharko eztarrian. Zerk egiten zuen berezi Imanol?

Bere ondoan kantatu zuen abeslari batek esan zidan harekin abestea “arrano baten hegalen babesean eramana izatea bezala” zela. Karlos Gimenez piano-jotzailearekin batera, geure iruditeria herrikoian iltzaturik geratu diren doinu ederrenetako batzuk sortu zituen.

– Nolako ahotsa du Fakirrak?

Baritono ahots ikaragarria zuen eta, batez ere, sena handia poemak aukeratu eta bere egiteko. Bitxia da, kanturako zaletasuna etxetik jaso arren, Parisera heldu zen arte ez zen bere ahotsaren ahalmenez guztiz kontziente izan. Bertan kantu-eskolak hartu zituen eztarriari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

– Zein puntutaraino uztartu daitezke fikzioa eta errealitatea liburu batean? Erreza da oreka aurkitzea?

Errealitatea atzemanezina da. Fikzioaren tresnek, ordea, benetakotasuna ahalmentzen dute. Errealitateak ez du zertan koherente izan, baina fikzioak bai. Bizitza oso bateko une jakinen bidez osotasun espekulatibo bat sortu behar da, esate baterako, pertsonaia bat baino gehiago bakarrean sintetizatuz, elipsi handiak eginez, etab. Iparramerikako literaturak eta zineak etengabe nahasten dituzte existitu ziren pertsonaiak eta asmatuak, ohiturik gauzkate, eta ez digu horrek arazorik eragiten. Besterik da guk egiten dugunean geure gertuko historiako pertsonekin, hor estuagoak bilakatzen gara.

– Fikzioak errealitatea kontatzeko balio du?

Oso esaldi maiztua da “errealitateak fikzioa gainditzen duela”. Agian egia da, baina fikzioa errealitatearen kargu egiten da. Errealitatea, fikzioaren tresnen bidez baino ezin da kontatu. Kazetari batek ere erabiltzen ditu tresna horiek, beste era batera izan arren.

– Idazten duzunean, liburuak izango duen harreran pentsatzen duzu?

Idazten dudanean ez dut sekula harreran pentsatzen. Baina egia da, ‘Twist’-ekin batera, irakurleek gehien estimatu duten liburua izan dela hau ziur aski, eta esango nuke gure historiako gertaera esanguratsuak jorratzeak izan duela horretan zerikusia, jende askorentzat testuak emozio eta oroitzapenen tranpolin bezala jokatu duelako.

– Ate joka dugu Durangoko Azoka. Bertan izango zaitugu?

Bertan izango naiz, aurten bi komikirekin: ‘Antzara eguna’, Adur Larrea marrazkilariarekin eta ‘Amets alokatuak’, Iñaki Holgadorekin elkarlanean. Gainera, Berri Txarrak taldearen ‘Berba eta irudia’ argazki liburuko testua aurkeztuko dugu eta baita Zart kolektiboa ere.

– Eibarko solasaldian irakurleen ikuspuntua jasoko duzu. Irakurleen azalean jartzen zara idazteko orduan?

Esan dezagun buruan irakurle talde birtual bat daukadala, ‘buru batzarra’ deitzen diot, eta hor daude miresten ditudan idazleak, zenbait lagun etab. Batzuetan pentsatzen dut “Hau gustatuko ote litzaioke urliari?”, edo “Nola aterako ote litzateke ataka honetatik halako idazle?”, baina azkenean guztia jolas bat da. Irakurleen iritzi eta inpresioak beti dira estimagarriak. ‘Fakirraren ahotsa’ nobelan modu berezi batean, jende askok Imanol Larzabali buruzko pasadizo edo oroitzapenak kontatzen dizkidalako tertulia guztietan. Bigarren parte bat idazteko adina kontu dakizkit orain.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »