Irati Elorrieta, idazlea: “Errealitatetik abiatzen naiz eta hortik aurrera egoerak sortzen ditut”

Irati Elorrieta, idazlea: “Errealitatetik abiatzen naiz eta hortik aurrera egoerak sortzen ditut”
2019/03/29 eta kitto!
Irati Elorrieta idazleak 20 urte daramatza Berlinen bizitzen eta Alemaniako hiriburuko kaleetara garamatza ‘Neguko argiak’ liburuan. Liburuak kritika bikainak jaso ditu eta Elorrieta ‘Harixa Emoten’-en saioan egongo da apirilaren 2an, 19:00etan, Portaleko kulturako 3. batzartokian eta liburuaren irakurleekin solasaldia egingo du.

 

- ‘Neguko argiak’ liburuaren inguruan solasaldia izango duzu Portalean. Horrelako saioak egitea gustatzen zaizkizu?

Gogotsu noa Eibarrera, ‘Neguko argiak’ liburuaren irakurleekin egiten dudan lehen topaketa izango dela. ‘Burbuilak’ liburua idatzi nuenean horrelako solasaldi bat egin nuen, baina orain dela hamar urte.

- Idazterako orduan irakurlea kontuan hartzen duzu?

Barrenetik ateratzen zaidana idazten dut, ez dut pentsatzen zelan irakurriko den. Hala ere, liburua kaleratzen denean bai interesatzen zait jendeak zelan hartzen duen ikustea.

- Joxerra Garzia idazle eta kazetariak “ugaritasuna eta mestizajea” berbak erabili zituen zure lana deskribatzeko. Berlin hiriari ere ondo egokitzen zaizkio berba horiek. Zure liburua Berlinen islada da?

Berlinek liburuaren zati handi bat hartzen du. Orainaldian kontatzen den kontakizun guztia Berlinen kokatzen da, hiriko auzo batean zehazki. Auzo horretan kalez kale mugitzen dira pertsonaiak, errealitateari oso lotutako geografia deskribatzen dut, baina Berlin ez da dena. Añes, pertsonaia nagusi bat, Uribe Kostatik dator eta inguru hori ere nahiko presente dago iraganeko kontakizunean. Bestetik, Parisek ere protagonismoa dauka, gaur egungoak eta XIX. mende amaierakoak, Parisko Komunako sasoikoak.

- Berlinen bizi zaren neurrian, errealitatea eta fikzioa nahasten dira liburuan?

Errealitatearen eta fikzioaren nahasketa erabatekoa da. Idazten nengoen bitartean, momentu batzuetan, ez nekien zer zen asmatua eta zer benetakoa. Baina ez dut ezagutzen lan egiteko beste modu bat. Errealitatetik abiatzen naiz eta hortik aurrera egoerak sortzen ditut.

- Azken liburua, ‘Burbuilak’, 2008. urtean idatzi zenuen. Nolakoa da zure sortze prozesua?

Ikusten denez, astiro idazten dut (barreak). ‘Burbuilak’ amaitu orduko ‘Neguko argiak’ hasita neukan eta hasierako gauza batzuk amaierara arte mantendu dira. Bizitzak ez dit denborarik uzten idazteko, behar dudan beste behintzat, eta eleberri formatuan idazteko denbora asko behar dudala konturatu naiz. Jarraian idatzi behar dut gainera, ezin dut orain ordu batez eta gero beste batez idatzi, galdu egiten naizelako.

- Hainbeste denboraren ondoren, zer sentitzen da liburua amaitzean?

Etxea trastez beteta daukazunean eta gauza guztiak ordenatu eta behar den tokian jartzen dituzunean sentitzen duzuna bezalako zerbait sentitu nuen. Apalak libre utzi nituela esango nuke, beste gauza batzuk egiten hasteko. Liburua amaitu arte pertsonaiak buruan nituen tokia hartzen.