IX. Euskararen Transmisioa Mintegia: “Migratzaileak, ahalduntzea eta abegikortasuna euskararentzat giltzarri"

IX. Euskararen Transmisioa Mintegia: “Migratzaileak, ahalduntzea eta abegikortasuna euskararentzat giltzarri"
2019/03/12 eta kitto!
Goizeko 9:00etan eman zaio gaur hasiera  …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako “IX. Euskararen Transmisioari buruzko Mintegia”ri, Portaleko Areto Nagusian. Euskarari buruzko hainbat datu, egitasmo eta gogoeta partekatu dira hizlarien eta entzutera joan direnen artean. Hitzaldi-sorta amaituta, Jaime Altunak gidatutako mahainguruarekin amaitu da aurtengo ekitaldia, 14:30ak aldera.

Aurkezpena eta ongietorria egiten, Eusko Jaurlaritzako Estibaliz Alkorta, ...eta kitto!-ko Maider Aranberri eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabal Aurkezpena eta ongietorria egiten, Eusko Jaurlaritzako Estibaliz Alkorta, ...eta kitto!-ko Maider Aranberri eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabal

 

Gorka Moreno (Ikuspegi):
“Gakoa bigarren belaunaldietan dago”


Mintegiko parte-hartzaileen artean Gorka Moreno Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria izan dugu gaur. 2004. urtean hasi zuen bere ibilbidea Ikuspegik. Urte hauetan zehar, gauza ororen gainetik, EAEko atzerriko immigrazioaren alorrean ikerketa-tresna publikoa eraikitzea izan dute helburu nagusi. Azken urteetako argazkia erabat aldatu dela azaldu du Gorkak, “iraultza eman da euskararen ezagutzaren aldetik. Transmisioa bermatzea lortzen badugu asko aldatuko da datozen urteetako panorama. Beste erronka bat etorkinen integrazioa izango da. Hauek euskarari egin ahal dioten ekarpena oso handia izango da. Kolorea eta bizia emango diote euskarari”. Ikerketek eta datuek adierazten dutenez, euskararen garapenerako bidean, euskal gizarteak ez du immigrazioa arrisku bat bezala ilkusten, eta % 64ak uste du etorkin guztiek euskara dohainik ikasteko aukera izan beharko luketela; beraz, jarrera irekia begibistakoa da.  Bestalde, etorkinen seme-alaba gehienek D ereduan ikasten dutela azpimarratu du Ikuspegiko zuzendariak.
Euskara eta Immigrazioaren artean asimetria dagoela azaldu du Morenok: “Euskara gutxi dagoen lekuetan immigrazio gehiago baitago (Araban eta Nafarroan). Beraz, etorkinek euskara ez dutela ikasten esaten dugunean errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu behar dugu baita ere”. Etorkinei guri baino gehiago ezin diegula eskatu uste du Gorkak: “Euskaraz ikasiko duten etorkinen kopurua mugatua izango da (beste etorkin batzuekin gertatu zen bezala eta hainbat bertakoekin gertatu den bezala). Nahi duenak baliabideak eta aukera guztiak izan behar ditu, baina errealismoarekin joka dezagun. Ikasketan zentratu beharrean, gehiago inbertituko nuke sentsibilizazio kanpainetan, euren seme-alaben igogailu sozialerako euskara garrantzitsua dela ondo azaltzeko. Igogailu sozialerako tresna da euskara eta horrela erakarri behar ditugu etorkinak eta euren familiak. Mugikortasun soziala bigarren belaunaldiarekin etorriko da, hor dago gakoa”.
Euskara ereduei buruz eta eskola publiko/kontzertatuei buruz hitz egiten dugunean klase sozialei buruz ari garela uste du Gorkak. “Eskolak estatusa ematen dizu, kokapen soziala, eta hori diruarekin lotuta dago. Etorkinak euren klase sozialeko eskoletara joaten dira eta hau ulertzekoa da. Denok saiatzen gara antzekoekin egoten arlo sozio-ekonomiko zein linguistikoan”.

Gorka Moreno Gorka Moreno

Gorka Morenori ...eta kitto! astekarian egindako elkarrizketa hemen irakur dezakezue.

 

Idoia Etxeberria (Badihardugu Euskara Elkartea):
“Ahotsak.eus-en jasotakoa ikasgeletara eramaten ari gara”


Ahotsak.eus proiektuaren gainean jardun du Badihardugu-ko Idoia Etxeberriak. Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzen ditu ahotsa.eus-ek (353 herri, 5.897 hizlari eta 53.521 bideo-parte). Horren barruan, Ahotsak IKASGELAN proiektua landu dute, ahozko ondarea, memoria historikoa eta transmisioa ikasgelan lantzeko materiala. 150 bideo-fitxa baino gehiago prestatu dituzte, hainbat adin eta mailatako ikasleentzat: “Ahotsak.eus proiektuan jaso ditugun milaka grabazio-orduak altxor izugarria dira herri hizkerak eta euskaldunon memoria kolektiboa ezagutu eta zabaltzeko. Jasotakoa ikasgeletara eramaten ari gara, hainbat alor landuz: euskara, kanta-jolasak, oroimen historikoa, bizikidetza, genero ikuspegia… Irakasleei eta ikasleei material osagarria emateko helburuarekin, hainbat bideo-fitxa prestatu ditugu: kanta-jolasak eta gaikako bideoak. Adin tartearen arabera daude sailkatuta: HH, LH eta DBH”. Euskalkitegia atala ere badago, euskalkiak eta hizkerak desberdintzeko jolasa. Euskalkitegiaren APP bat dago mugikorretatik jolasteko.
Bestalde “Gazte gara gazte” egitasmoaren berri eman du Idoiak, “Euskal Herriko gazteei elkarrizketak egin dizkiegu, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza. Gazteenek euskaraz erabiltzen duten gazte hizkeraren euskal hiztegia ere egin dugu”. Ahotsak.eus-en beste proiektu bat 101L izenekoa da. Bere helburua Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzen aniztasuna eta aniztasun kulturala ezagutaraztea da. Jatorri askotako pertsonak elkarrizketatu dituzte eta “hizkuntzekin batera euren esperientziak eta iritziak jasotzen ditugu, batez ere 3 gairen inguruan: eleaniztasuna, emigrazioa eta integrazioa”.

Idoia Etxeberria Idoia Etxeberria

 

Petra Elser (Banaiz Bagara elkartea):
“Politika berriak eta neurri zehatzak behar direla uste dut”

Petra Elser alemaniar euskaldunak Banaiz Bagara elkartea sortu zuen 2009an, euskara eta mi­grazioa lotuz. Etorkinei euskaraz trebatzeaz arduratzen da. Petrarentzat migratzaileak aukera bat dira euskal komunitatearentzat, hiztun berriak eta munduko kultur aniztasunak euskaraz bizitzeko. Etorkinen artean lan mundurako euskarazko trebakuntza ikastaroak ematen hasi ziren Banaiz Bagara elkartean, ostalaritza eta adinekoen zaintzaren arloko ikasketak, hain zuzen. Petrarentzat oso garrantzitsua da etorkin helduekin lan egitea, “etorkinek etortzen jarraituko dute. Ez badugu eurekin lan egiten, euskara ikasi gabe eta euskaldunen komunitatera gerturatu gabe biziko dira heldu hauek, eta horrela ez dugu lortuko nahasketa”.
Euskararen gaian, Petraren ustez, gakoa da nola ikusten dugun hizkuntza, zertarako erabili nahi dugun, zein hizkuntzan nahi dugun bizi. “Gizarte bezala lotzen gaituen hizkuntza gaztelania da. Gaztelaniaz funtzionatzen da eta euskaldun bezala hazten saiatu behar gara, gure komunitatea gero eta handiagoa izateko, horretarako beste komunitateetako pertsonak erakarriz”. Beharrezkoa ikusten du gizarte euskalduna irudikatzea eta horra heltzeko lan egitea. Nola egin lan? Politikak aldatu behar dira eta lana leku guztietan egin behar da, lan mota asko eta desberdinak”. Neurri zehatzak behar direla uste du, beraz, Petrak. “Euskalgintzak eta euskal klase politikoak serio hartu behar dute migrazioaren arloa hizkuntza politikan. Etorkinen integrazio-ibilbide linguistikoak lagunduta egon behar du. Helduen Hezkuntzan (EPA) beste eredu bat behar da, hor dago gakoa. Bertan euskaraz ikasi beharko lukete, eta ez da egiten. Eta gero, ikasi ondoren, bizitza profesional eta pertsonalean laguntza linguistikoa eskaini beharko litzateke. Hau da, hizkuntza ikastea ez da amaitzen norberak lanpostu bat aurkitu duenean. Bestetik, euskaltegiak helduen hezkuntzarekin homologatzea beste neurri bat litzateke”.

Petra Elser 3 Petra Elser

 

Jokin Uranga (UEMA):
“Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan ahalduntzeko ekimena da Salto!”


UEMA Udalerri euskaldunen mankomunitatea Aizarnazabalen sortu zen 1991an, herritar orok bizitza publiko zein pribatuan euskaraz egin ahal izateko. Faktore sozioekonomiko eta soziokulturalen eraginez udalerri euskaldunak gero eta erdaldunagoak direla ondorioztatu zuen 2011an egindako inkestak eta “hiru ildo estrategiko finkatu ziren: udalerri euskaldunen erabateko hizkuntza normalizazioa lortzea, udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea, eta udalerri euskaldunek osatzen duten euskararen arnasgunea saretu eta zaintzea”, azaldu du Jokin Urangak. Hezkuntza proiektu desberdinak jarri zituzten martxan. Gazteak materiala lantzen gustora egoten ziren, baina “modu informalean gustorago egoten zirela ikusi genuen”. Hori dela eta, udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak antolatu zituzten orain dela 2 urte  Orion, eta  iaz Sastarrainen egon ziren. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da. “Formatoa aldatu dugu, Usurbildik abiatuko gara ekainaren 26an, leku desberdinetatik pasatu eta Arantzan amaituko dugu ekainaren 30ean. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko, ahalduntzeko eta eragile aktibo bihurtzeko asmoz antolatutako ekimena da Salto!”.

Jokin Uranga Jokin Uranga

 

Irati Labaien eta Imanol Zabaleta (EuskarAbentura):
“EuskarAbenturaren helburuetako bat gazteen artean euskararen erabileran eragitea da”


Iazko abentura errepikatuz, 2019ko uztailaren 1ean EuskarAbentura espedizioa osatuko dute 150 lagunek – 16-17 urte bitarteko 120 gazte eta 30 helduz osatutako lan-taldea. Maulen batuko dira abenturari hasiera emateko. Done Jakue bide desberdinak jarraituz Euskal Herria zeharkatuko dute. Getxo izango dute helmuga, uztailaren 31n. Imanol Zabaleta eta Irati Labaienek azaldu dutenez, “parte hartzeko gazte bakoitzak lan bat eta motibazio gutun bat egin behar izan du. Eusko Ikaskuntzak zuzentzen ditu lanak. Lan onenak egiten diduzten horiek izango dira aukeratuak. Beka bat irabaziko dute eta ez dute ezer ordainduko. Eta horretaz aparte bermatu nahi dugu lurralde guztietako jendea egongo dela, eta neskak zein mutilak neurri berean edo oso antzerakoan izango ditugula. Helburua, lehenik eta behin, izenak esaten duen moduan, euskararen erabilera sustatzea da. Horrez gain, gazte euskaldunen artean sare bat sortzeko helburua dago: errealitate linguistiko desberdinetatik datozenak, oso euskaldunak eta hain euskaldunak ez diren inguruetako jendea batzen ahalegintzen gara. Hirugarren helburua Euskal Herriaren ezagutza da (historia, kultura, geografia, gizateriaren ondareak…). Eta, azkenik, baloreak lantzen ditugu”. Denera 783 kilometro dira. Aurreko urtean, kilometro horietatik 500 inguru egin ziren oinez.
Proiektuaren helburuak zehaztuta, hutsetik ekin zioten EuskarAbentura Espedizioaren prestaketari, “eta hasiera guztien moduan, ez da lan makala izan. Hasteko, ezezagunak ginen jendartean, eta bereziki ezezagunak ginen euskalgintzako erakundeen artean. Proiektua aurrera eramateko sosik ez genuen, beraz, esku artean geneukana proiektuaren potentziala eta taldeko kideon curriculum vitaeak ziren, besterik ez (elkartean 10 lagun gaude). Hau guztia aurrera eramateko ezinbestekoa dugu erakunde publiko zein pribatuen babesa. Horrez gain, antolaketa lanetan eta baita Espedizioan zehar ere, iaz lagun mordoa izan genituen bidaide, musutruk eta beti irribarre batekin gurekin lanean aritu zirenak”. Gazteei bizipen sakon eta aberasgarri bat emateaz gain, oso ondorio positiboak atera dituzte euskeraren erabilerari eta motibazioari dagokionez.

Irati Labaien eta Imanol Zabaleta Irati Labaien eta Imanol Zabaleta

 

Josune Herrarte eta Esti Irureta (Zumaiako  Udaleko euskara eta turismo teknikariak):
“Bisitari eta turisten artean euskara eta euskal kulturaren interesa handitzen zihoala ikusita sortu dugu Euskal Enigma bisita gidatua,"


Euskal Kostaldeko Geoparkeak 'Enigma bizia' bisita gidatua eskaintzen du Zumaian. Hain zuzen, Zumaiako Udalak sustatu eta hizkuntza ardatz hartuta, bisita Zumaian egitea planteatzen dute. Bisita gidatuaren gidoiaz Kike Amonarriz soziolinguista arduratu da. Esti Irureta Zumaiako Udaleko turismo saileko arduraduna da eta bere esanetan “bisitari eta turisten artean euskara eta euskal kulturaren interesa handitzen zihoala ikusi genuen. Udaleko euskara eta turismo sailak elkarlanean hasi ginen. Euskara hizkuntza bizia eta modernoa dela adierazi nahi genuen, eta modu harrigarri batean kontatu. Kike Amonarrizekin harremanetan jarri ginen eta esan beharra dago bere inplikazioa % 150koa izan dela, izugarria!”.
Zumaiako alde zaharrean egiten den bisita gidatu honetan, euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen alderdirik ezezagunenak deskubritu ahal dira. Gainera, antzinako arrain salmenta aretoa ezagutzeko aukera dago eta elkarte gastronomiko batean pintxo bat dastatzen dute bisitariek. Ibilbidean txistua, txapela eta pilota bezalako elementuak erabiltzen dira. Batez ere Estatuko bistariei zuzenduta dago. Beraz, bisita erderaz egiten da.
Josune Herrarte Udaleko euskara teknikariak esan du 'Enigma bizia' ekimenak oihartzun handia izan duela herritarren artean: “Argi dago trasmisioa hainbat norabidetan egin daitekeela, barrutik kanpora eta kanpotik barrura. Jakina da Zumaian flyschari balioa ematen hasi zaiola kanpokoak etortzen hasi direnean, eta uste dugu gauza bera gertatuko dela ekimen honekin”.

Esti Irureta eta Josune Herrarte Esti Irureta eta Josune Herrarte

Jaime Altunak gidatu duen mahainguruak eman dio amaiera gaurko ekitaldiari. Jaime Altunak gidatu duen mahainguruak eman dio amaiera gaurko ekitaldiari.