Joanes Urkixo, idazlea: “Literatura bazterrean ezin nuela utzi erabaki dut”

Joanes Urkixo, idazlea: “Literatura bazterrean ezin nuela utzi erabaki dut”
2019/03/04 eta kitto!
‘Idazlearekin Harixa Emoten’ irakurle taldearen martxoko saioak Joanes Urkixo ekarriko du Portalera hilaren 5ean 19:00etan. Idazle bizkaitarraren ‘Ekaitza urrun’ liburua izango da mintzagai eta Urkixori galderak edo iruzkinak egiteko aukera egongo da. Urkixo gidoigintzan dihardu lanean buru-belarri, baina ez du literatura albo batera utzi nahi eta eleberri historikoa landu du ‘Ekaitza urrun’ liburuan.

 

-‘Ekaitza urrun’ eleberri historikoa da. Kasu honetan non dago fikzioaren eta errealitatearen arteko muga?

Istorioak errealitatean oinarritzen den ardatz nagusia du eta egitura narratiboari begiratuta hutsuneak batu ditut bestelako fikziozko tramak osatuz. Oro har, liburuan azaltzen diren gertaera publikoak gertaera historikoak dira. Gertaera pribatuetan, bestetik, asmakizunetan ibili naiz kasu batzuetan, dokumentatuta ez daudelako.

- Wilhelm Wakonigg da liburuko beste pertsonaia bat. Nor izan zen?

XIX. mende amaieran gaur egungo Eslovenian jaio zen Wakonigg, sasoi hartako Austria-Hungariako inperioan. Alemaniara joan zen ikastera eta lanera, eta handik Bilbora etorri zen Alemaniako enpresa baten bidez. Gero independizatu, ezkondu, familia egin eta bilbotartu egin zen. I. Mundu Gerran Austria-Hungariako inperioaren kontsula izan zen Bilbon, eta harreman komertzial eta pertsonal asko egin zituen alde batean zein bestean: nazionalistak, monarkikoak... I. Mundu Gerraren ondoren Austriako nazionalitateari eutsi zion eta III. Reicha sortu zenean germanofilo bihurtu zen eta, hori ezezik, Hitlerren zalea ere bai. Espainian altxamendua gertatu zenean altxatuen alde egin zuen eta uste zuen EAJ-k oker handia egin zuela Errepublikaren alde eginda, ez zitzaion hori buruan sartzen eta bere pentsamoldea dokumentatuta dago. Gerra Zibila lehenbailehen amaitzea nahi zuen, Bilbori kalte handia egin ziolako eta sasoi bateko oparotasuna berreskuratu nahi zuelako. Gerra amaitzeko Bilboren errendizioa lortzea berebizikoa zela uste zuen eta horretarako matxinatu zen.

- Hainbat urteren ondoren literaturara itzuli zara liburu honekin. Zerk bultzatu zaitu liburua idaztera?

Literatura ez dut inoiz utzi. Argitaratu gabe egon naiz, baina idazten bai. Gazteleraz gauza pare bat idatzi ditut, baina gaztelerazko literatura oso mundu zaila da eta ez dut argitaratzea lortu. Ondoren beste eten bat eduki dut eta amaieran erabaki dut ezin nuela literatura bazterrean utzi. Jarraitzeko beharra neukan eta istorio hau urteetatik neukan buruan.

- Eibarren irakurleekin edukiko duzu solasaldia. Nola moldatzen zara horrelakoetan?

Helduekin ez dut horrelakorik egin, baina gazteekin askotan. ‘Irakurleak ikastetxeetan’ deritzon programan ibili naiz urte askoan. Oso ondo moldatzen naiz horrelakoetan. Gidoigile bezala ere sarritan tokatzen zait nire proiektu edo istorioak aurkeztu eta defendatzea.

- Irakurleen ikuspuntua jasotzea baliagarria da zuretzat?

Jakingura apur bat sortzen dit datorren asteko bilerak. Zertan fijatu diren, zerk hunkitu dituen gehiago, teknika zein inpresio atera duten... Niretzat baliagarria da informazio hori jasotzea.