Jose Antonio Azpiazu historialariak ‘Elkano eta Eibarko armak’ hitzaldia eskainiko du 21ean

Jose Antonio Azpiazu historialariak ‘Elkano eta Eibarko armak’ hitzaldia eskainiko du 21ean
2021/10/14 eta kitto!
Eibartik’ Eibarrera’ zikloak beste hitzaldi bat jasoko du hilaren 21ean, 19:30ean, udaletxean. Kasu honetan Jose Antonio Azpiazu historialari oñatiarra izango da hizlaria eta saioaren izenburua ‘Elkano eta Eibarko armak’ izango da. Ekimen hau Eibarko hiriaren 675. urteurrenaren harira egingo da, Akebai euskararen aldeko plataformaren laguntzarekin.

Historialarien arabera, XIV. mendetik aurrera Euskal Herriak sona handia eskuratu zuen armagintzaren inguruan, eta horren erakusle da Elkanok egindako mundu bira. Izan ere, Magallanesen armada prestatzeko orduan, Errege Katolikoek eta bestelako mandatariek Euskal Herrira jo zuten armak eta itsasontziak lortzeko (bidaian irten ziren bost itsasontzietatik hiru euskaldunak izan ziren).

Azpiazuk Eibarko eta inguruetako armagintzak izan zuen garrantziaren berri emango digu artxiboetan jasotako hainbat daturen bitartez. Adibide horietan ikusi ahal izango dugu zenbaterainoko pisua zuen industria hark. Tartean, izen esanguratsuak azalduko zaizkigu, hala nola Juan de Isasi, Juan Martinez de Mallea eta Martin Sanchez de Ibarra. Baina, horiek buruak besterik ez ziren. Haien ondoan langile ugari aurkitzen dira, egiten ziren eskaera handiei erantzuteko.