JOXEMARI SORS (Elkar Fundazioa): “Militantzia kulturala eta profesionaltasuna uztartuz jo dugu aurrera”

JOXEMARI SORS (Elkar Fundazioa): “Militantzia kulturala eta profesionaltasuna uztartuz jo dugu aurrera”
2019, Ots 08

Zeinek ez du Elkar ezagutzen? Liburuak, diskak, editorialak, liburudendak… Otsailaren 11n, astelehenean, Armeria Eskolan Elkar Fundazioa omenduko dute bere ibilbide luzean”ondo egindako lanagatik”. Iparraldeko zenbait euskaltzalek, hogei guztira, Elkar argitaletxea sortu zuten 1972an. Bi urte geroago Ipar Euskal Herriko 20 bazkideei Hegoaldeko beste 20 batu zitzaizkien, 40ko sortzaile-bazkide taldea sortuz, Joxe Mari Sors tartean. 25 urteko ibilbide oparoaren ostean, 1996an enpresen ondasun guztiak bere baitan biltzen dituen Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa (Elkar Fundazioa) sortu zuen Joxe Maria Sorsek beste kide batzuekin batera. Gaur egun, Joxemari Sors enpresetako gerentea izateaz gain Fundazioko patronatuko kidea ere bada, eta pozez hartu du egin duten lanari eta traiektoriari Eibarren eskainiko zaien errekonozimendua. Saioa irekia da (aurretik telefonoz deitzeko eskatzen dute bakarrik) eta 12:30etan hasiko da.

–  70eko hamarkadanaren hasieran eman zituen lehen pausoak Elkarrek. Zeintzuk izan dira ibilbide horren gakoak?
Batzuentzat Elkar ezaguna da liburuengatik eta beste batzuentzat argitalpenak egiten ditugulako, baina Elkar unibertso handiagoa da. Euskal kultura indartu eta zabaltzea helburu, euskarazko kultur produktuak sortzeko, banatzeko eta saltzeko enpresa-sare bat osatu eta martxan jarri genuen. Eta helburu berarekin jarraitzen dugu lanean gaur egun ere. Erantzunak integrala behar zuen izan, hau da, ekoizpena, banaketa eta salmenta eskaini behar genuela argi izan genuen. Frankismo garatik gentozen (70 hamarkada hasiera), basamortu kulturala zegoen eta jendea gose zegoen. Sorkuntza falta zen, eta horregatik sortu zen argitaletxea. Eta zegoen sorkuntza apurra jendearen eskuetara ailegatzea nahi genuelako jarri genituen martxan liburudendak. Aldi berean, beste liburutegi eta liburudendek ere horrelako produktuak izatea nahi genuen.

– Elkarlana, konpromisoa, independentzia ekonomiko eta politikoa… Hasierako balioek bizirik jarraitzen dute gaur egun?
Hasieratik balioetan oinarritu ginen, gaur egun hain modan deuden balioetan. Elkarlana izan da gure jardunaren oinarrietako bat: barrura begira bakarrik ez, kanpora begira ere lan egitea, arlo ekonomikoan, sozialean, erakundeekin lanean…, baina beti ere askatasun ekonomiko eta politikoa gordeaz. Bestalde, gaur egun konpromisoaz asko hitz egiten da. Guk militantziaz hitz egiten genuen. Militantzia kultural batetik gatoz, eta hori gorde izan nahi dugu beti, baina beti ere profesionaltasunarekin uztartuz. Eta eredu sozialeko enpresa bat gara, enpresa barruan erabakiak denentzako hartzen dira eta momentu zailetan birkolokatze politikak jartzen dira martxan. Lurraldetasuna ere aipatu nahiko nuke: Euskal Herrian dago gure erantzunkizuna eta muga, baina horrek ez du esan nahi estatu espainolean ez dugunik zabaldu behar. Hala ere, erabaki-gunea eta enpresaren muinak Euskal Herrian kokatuta egon behar du. Guk beti pentsatu izan dugu industria garela, hau da, industria egitura serioak jarri behar dira kulturaren garapenaren alde. Eta erakunde gisa berrinbertsio-politikaren bidez euskalgintza sustatzera jo dugu hasiera hasieratik.

– Hasierako helburuak eta gaur egungoak berberak dira beraz.
Helburuak hasierako berberak dira, bakarrik egin dena izan da garaietara moldatu. Gure bisioa beti izan da euskara eta euskal kulturaren sustapena eta garapèna modu eraingikorrean bultzatzea, enpresa eta  ekonomia euskal kulturaren zerbitzura jarriz.
– Urrats garrantzitsua eman zen 1996an Fundazioa sortzea erabaki zenean.
Aurretik aipatu ditugun balio horiek nahi duenak aplika ditzake bere enpresa barruan, baita berrinbertsio-politika ere. Guk merkatuan segitzen dugu lehiatzen, eta beste enpresek ordaindu beharreko guztiak oradaintzen ditugu, baina akzionista bakarra Fundazioa da. Beraz, irabaziak baldin badaude, ezin dira partekatu, Fundazioan gelditzen dira, ez doaz inoren poltsikotara eta enpresaren garapenean oso garrantzitsua da hori, denbora guztian ari zarelako zeure enpresa elikatzen.

–  Zenbat enpresa daude momentu honetan Elkarren?
Produkzio enpresa bat daukagu, Leizaran; sorkuntzako argitaletxeak (Elkar, Tartalo, Sua, Txertoa, Abarka), Ikastolen elkartearekin Ikaselkar (testu-liburuak egiteko); banaketari dagokionez, Elkar banaketa eta banaketa etxeak Euskal Herritik kanpo (Madril, Bartzelona, Balentzia…). Gainera, zazpi liburudenda ditugu Gipuzkoan, bost Bizkaian, bi Araban zein Nafarroan, eta bat Baionan. Langileei dagokienez 160 langile ditu Elkarrek Euskal Herrian eta 70 estatuan. Horietatik % 90tik gora postu finkoak dira, eta %55 emakumezkoak. Lan asko daukagun aldietan, ikasturte hasieran edo eguberritan esaterako, beste 60 langile inguru kontratatzen ditugu.

–  Garai berrietara nola egokitu zarete?
Uste dut ondo moldatu garela. Gertatzen dena da mehatxuak daudela eta jakin egin behar dela mehatxu horiek positibatzen. Militantzia, profesionaltasuna eta elkarlanaren bidez lortu dugu gure lankideen atxikimendua. Atxikimendu horretan datorren jendearen beste prestakuntzari esker eta gaur egun dauden teknikak kontuan hartuta, garai berrietara modu naturalean moldatzeko aukera izan dugu. Almazenetan teknologia berriak jarrita ditugu, sistema informatikoak guk garatzen ditugu, bezeroekin harremanak estandarirzatuak ditugu gaurko teknologia erabiliaz… Liburuak bi euskarritan argitaratzen dira beti, paperean eta digitalean. Bestalde, sustapena ere asko garatu dugu, modu desberdinak erabiliz: lehiaketak antolatuz, aldizkar bat sortuz, aurkezpen eta tailerrak eginez gure dendetan…

–  Oztopo asko izan dituzue bidean?
Gure bidea ez da batere erraza izan. Hiru modu desberdinetan izan gara jomugan. Alde batetik bonbak. Guri ere jarri zizkiguten eta hiru izan ziren!, 1976an Baionan, eta Bilintxen bi alditan, 1986an eta 87an. Gero, bigarren pausua eraso mediatikoa izan zen Tiempo, Tribuna, Epoca, El Mundo, Vanguardiarekin… Gure ibilbidea zikindu nahi izan zuten maltzurki erakunde armatuekin lortura eginez. Eta azkenik, “Dena ETA da”  teoriari jaraituz, tribunaletako arazoak etorri ziren, Garzon egon zen hemen miaketak eta akusazioak egiten, eta ondoren Egunkariaren kasuan atxilotu egin gintuzten; Bestalde, galera humanoak ere izan ditugu. Elkarreko motorra izan zen Joseba Jaka 1996an hil zen, eta ondoren beste sortzaileetako bat, Xalui Maitia. 1997an uholdeak izan genituen eta gure biltegi guztia suntsituta gelditu zen. 3 milioi eurotako galerak izan ziren.

– Zeintzuk dira gaur egungo erronkak?
Egoera zail batean gaude, baina etorkizuna badaukagula uste dut. Kontraesan handia dago, inoiz baino produkzio eta kalitate handiagoa dago, baina kontsumo aldaketa sakonak gertatzen ari dira, eta hor kokatu beharra dago. Papera desagertu egigo zela esaten zen, baina nik ez dut uste hori gertatuko denik. Digitala gelditzeko etorri da, duda barik, baina azkenean bata zein bestea elkarrekin bizi beharko dute. Asuntoa da zein neurritan. Hau inork ez daki. Jakingo bagenu, argi izango genuke non inbertitu eta nola egin. Banaketa ere aldatzen ari da, eta horregatik daude liburudendak krisian. Gu  saiatzen ari gara mehatxu horien aurrean gure jakituria eta gure medioak jartzen. Eta beste gauza garrantzitsu bat ikusgarritasuna da. Nire ustez hori da euskal kulturak daukan arazo inportantea. Produkzioa oso handia da aldamenean ditugun kultura handietan eta gu horien aurrean oso txikiak gara. Ikusten ez dena ez da existitzen eta leku desberdinetan ari gara eragile eta erakundeekin horri buruz hausnarketa eta inbertsioak egiten. Azkenean euskal kulturak eta euskarak egiten gaitu herri eta hori gabe ez dago etorkizunik. Hau serio hartu behar da.

Elkar liburudenda

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »