Juan Luis Baroja Collet, artista: “Debako Arte Eskolaren oinarri berriak ezarri nahi ditugu”

Juan Luis Baroja Collet, artista: “Debako Arte Eskolaren oinarri berriak ezarri nahi ditugu”
ETA KITTO 2019, Mar 22

Debako Arte Eskolak ateak itxi zituen ekainean 35 urteren ondoren, baina 1969an Jorge Oteizak piztutako sugarrak bizirik jarraitzen du eta suspertzen saiatuko da Arte Eskola Bizirik taldea. Juan Luis Baroja Collet artista eibartarra eskolari lotuta egon da 35 urte hauetan eta eskolaren itxiera pena handiz bizi duen arren, gogotsu dago bihar hasiko den aro berriarekin. Goizeko 11:30etik aurrera ‘Debako Arte Eskola atzo eta bihar’ izeneko jardunaldia egingo da Debako Arregi Jauregiko Ispiluen gelan, proiektu berriaren inguruan gogoeta egiteko egitasmoa.

 

– Zer gertatu da Debako Arte Eskolarekin?

Logika kontu bat. Eskola orain dela 35 urte hasi zen eta gizartea, formakuntza, ikasleak, tituluak… aldatu egin dira. Ez da eskola ofiziala, beraz, gero eta zailagoa izan da jendea erakartzea artisau-ofizio bat ikastera. Debako Arte Eskola Debako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzei esker egon da martxan, erdibana. Udalak lehen diru gutxiago jartzen zuen, eta diru-laguntzen erdia ematea asko kostatzen zitzaion, baina Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzen erdia kendu zigunetik Udalak dio ezin duela eskola mantendu. Gu ez gara horretaz kexatzen, baina bai gu aintzat ez hartzeaz. Eusko Jaurlaritzak eta Udalak bilerak egin izan dituzte eta normalean ordezkaritza izan dugu bilera horietan, baina gutxienez hiru bileratara ez gintuzten gonbidatu eta ez dakigu zertaz egin zuten berba. Azkenean, alde bakarreko erabakia hartu eta eskola itxiko zutela esan ziguten. Pentsatzen dut gauzak ez direla horrela egiten. Alde guztiak bildu, arazoak mahai gainean jarri, eztabaidatu eta konponbideak bilatu behar zirela uste dut. Hori egin eta gero konponbiderik ez badago, eskola itxi, baina ezin da horrela egin, boteprontoan. Horrek mindu gaitu gehien.

– Eskola itxita dago, baina aurretik ez zenuten egoerari buelta emateko aukerarik eduki?

Tira, orain eskola itxita dago eta uste dugu berriz zabaltzeak ez duela zentzurik. Zikloa amaitu da. Jorge Oteiza, Deba eta Arte Eskolaren kontzeptuak elkarrekin mantentzea gustatuko litzaiguke. Ezin gara berriro hutsetik hasi. Eskola beste modu batean planteatu beharko dugu agian, gaur egunera egokitua, eta kontestu honetan lagun talde bat bildu gara Arte Eskola Bizirik taldea sortzeko.

– Hain zuzen ere jardunaldi bat egingo duzue bihar. Zertan datza?

Eskolaren itxiera salatuko dugu, baina batez ere eskola zer izan den ikusiko dugu, urte hauetan egindakoa errepasatuko dugu diapositiben bitartez eta gaur egun egiten ari garen gauzei buruzko hitzaldiak eskainiko ditugu. Eskolak aurrera jarraitzeko behar dituen oinarriak ezarri nahi ditugu, baina ez eskola orain arte ulertu dugun moduan, baizik eta proiektu berri bat. Proiektua Udalaren borondatearen arabera joango da aurrera, edo ez, baina badago eskolaren jarraipena defendatu nahi duen lagun talde bat. Biharko jardunaldiaren ondoren bigarren jardunaldi bat etortzea gustatuko litzaiguke, ondoren hirugarren bat antolatzea, eta egunen batean proiektu bat (oraindik ez dakigu zein) gauzatzeko lan-talde bat eratzea. Berba egiten, beharrak aztertzen, egin daitekeena ikusten… zerbait irtengo da. Hori bai, pentsatzen dugu Jorge Oteiza eta harriarekin zerikusia izan behar duela. Deban harrobiz inguratuta bizi gara eta harri hauekin katedraleak, zubiak eta beste hainbat gauza eraiki dira. Tradizio horri eutsi egin behar zaio. Kontu hori Geoparkearekin eta kobazuloekin lotu nahi dugu, esplotatu barik dagoen ondarea delako.

– Beraz, eskolaren itxierarekin atsekabetuta egon beharrean, zerbait berria hasiko duzue bihar?

Itxierak ez dauka atzera bueltarik, baina ez gaude eskolaren historia bapatean itzaltzeko eta hiltzen uzteko prest. Eskualdeari zerbait interesgarria eskaintzen jarraitu nahi dugu.

– Eskolaren sugarra piztuta mantentzeko lana du Arte Eskola Bizirik taldeak?

Talde txikia da eta biharko jardunaldia antolatzea da lehendabiziko pausoa. Esan bezala, aurrera begira jardunaldi gehiago antolatzeko asmoa daukagu eta espero dugu agente sozial eta kultural gehiago batzea, Debakoak edo kanpokoak.

– Arte Eskola Deban dago, baina eskualdearentzat ere garrantzitsua da?

Debabarrenean eta Debagoienan eragin handia izan du, eta Iparraldetik, Txiletik, Kanariar Uharteetatik eta Espainiako beste hainbat tokitatik etorritako jendea jaso dugu eskolan. Zentro irekia izan da. Garatu ditugun teknikak lantzeko eta horren inguruan ofizio bat ikasteko, tailerrean ordu asko pasa behar zituzten ikasleek.

– Jorge Oteiza aipatu duzu lehen. Nola sortu zen Debako Arte Eskola?

Jorge Oteizak sortu zuen eskola eta sasoi hartan Luis Mari Illarramendi debarra izan zen kultur elkartearen kudeatzailea. Eskola itxi egin behar izan zuten eta Illarramendi gogo txarrez geratu zen. Bere buruari zin egin zion zerbait egin behar zuela Debabarreneko artista eta artisauentzat artisau-tailerrak existitzen jarraitzeko. Asko borrokatu zuen eta, dirua jarri ondoren, eskola martxan jarri zuen. Harrera ona izan zuen, gauza gehiago egiten hasi zen eta Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Julio Caro Baroja, Anton Artamendi eta kulturako sektoreko beste agente batzuen babesa jaso zuen. 1983an Debako etxebizitza huts bat hartu eta eskola sortu zuen, gaur egunera arte.

– Nolako eskola izan da?

Zaila da hortaz berba egitea. Ez da eskola ofiziala izan eta 16 urtetik gorako ikasleak hartu ditu. Denetariko jendea jaso dugu. Eskola txikia izanik, hezkuntza pertsonalizatu dugu. Ikaslearekin kontaktu zuzena edukitzeko eta egin nahi duena jakiteko aukera izan dugu, eta faktore horien arabera hezkuntza-jokabide pertsonalizatua ezartzeko aukera izan dugu. Ofizioa ikasteaz gain, gozatzeko. Bestetik, eskolak gizartean eduki duen eraginari dagokionez, monitoreak bihurtu diren ikasleak izan ditugu (zeramikan batez ere), irteera profesional gehien eduki dutenak harria lantzen dutenak izan dira (artistak, beste pertsona batzuentzat lan egiten duten artisauak, fatxadak berreskuratzen dutenak…),  egurrarekin lan egiten dutenak egon dira eta badaude amore eman duten batzuk ere, mundu hau ez delako batere erraza.

– Eskolak ez baditu ateak berriz irekitzen, zeintzuk izango lirateke ondorioak?

Larria izango litzateke. Fundizioa ez dut aipatu, baina oso garrantzitsua da, gauza asko indartzen dituelako. Gaur egun estatu espainiarrean ezin daiteke beste inon urtzen ikasi. Hemen Alfa Arte daukagu gotorleku moduan eta eskolatik pasa diren lau-bost lagun daude bertan lanean. Bestetik, harriari dagokionez, ez dago 3 edo 4 tonelada pisatzen duten piezekin lan egin duen beste tailerrik edo profesionalik, eta hori da larriena. Kanpotik jende asko etorri da hona espresuki bolumen handia duten harriekin lan egitera.

– Eskola eredu baten amaiera ere izango litzateke?

Hiru urtez tailer batean ordu asko pasatzen hezitzea eskaintzen zuen Debako Arte Eskolak eta eredu hori desagertzen ari da, Deban eta edonon. Arte Ederrak ikasi duten lagun asko guregana etorri dira materiarekin konektatzeko. Inoiz ez gara arte eskola bat izan, profesionalak artean hezitzeko eskola baizik.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »