Julen Leturiondo (musikaria): “`Que me corten la cabeza´ berrogeialdian etxetik grabatutako abestia da”

Julen Leturiondo (musikaria): “`Que me corten la cabeza´ berrogeialdian etxetik grabatutako abestia da”
ETA KITTO 2020, Eka 06

“Que me corten la cabeza” izeneko  abestia aurkeztu berri du Julen Leturiondo 19  urteko musikari eibartarrak. Proiektu honetan hainbat musikarik hartu dute parte, denak oso gazteak. Abestia etxetik egin du, itxialdian, eta bideoklipa ere egoerara moldatutakoa da, etxean grabatutakoa, alegia.

Aurreko astean argitaratu zenuen zure lehen abestia, “Que me corten la cabeza”. Zelako harrera izan du?
Harrera ona izan du, batez ere jendeak ez zuelako espero. Pandemiaren erdian etxean egindakoa da eta, alde horretatik, meritua dauka. Jendeak hori ikusi duela uste dut.

Konfinamendua hasi baino lehen single bat ateratzeko asmoa zenuen, eta dena bertan behera geratu zen…
Otsailaren 29an grabatu genuen Gaztain estudioan, eta martxoko bigarren astean bideoklipa grabatzekoak ginen. Orduan konfinamendua etorri zen eta, pena handiz, dena bertan behera laga behar izan genuen.

Eta nola bururatu zitzaizun etxean egonda beste abesti hau idaztea eta grabatzea?
“Que me corten la cabeza” jolasa bezalakoa izan da. Konfinamenduaren hasierako nahasmena gaindituta, hausnartzen eta gitarrarekin esperimentatzen hasi nintzen. Normalean pianoa jotzen badut ere, gitarra izan da kuarentenan gehien jo dudan instrumentua. Sarean egin ditudan zuzeneko guztietan ere gitarrarekin aritu naiz.  Abesti hau itxialdian bizi izan dudanaren isla da. Bi zati desberdin daude: lehenengoa oso grisa da, gero barealdi moduko bat dator, eta ondoren kantua.

Abestian ohikoak ez diren instrumentu batzuk agertzen dira, zeharkako flauta eta biolina. Nola egin duzu etxetik musikari-talde hain anitza lortzeko?
Abestia sortzen ari nintzenean konturatu nintzen flauta oso ondo geldituko litzatekeela. Handik eta hemendik galdetzen eta bilatzen hasi nintzen eta Mutrikuko Irene Galarraga aurkitu nuen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina orain oso lagunak egin gara.  Beste musikariak lehendik ezagutzen nituen: Balmasedako Irina Alvarez biolinista; Aramaioko Idoia Asurmendi pianista; Alex Davies Eibarko baxu-jolea eta Madrilgo Gaby Nieto gitarrista. Nire ahotsarekin eta gitarrarekin egindako grabazioa eta partitura bat bidali nien, hori bai, askatasun osoz jarduteko esanez. Audio horren gainean zerbait grabatu behar zuten. Kontua da, baina, etxean zituzten baliabideekin moldatu behar izan zirela. Batzuk mikrofonoa genuen, baina beste batzuk ez. Flautaren pista, esate baterako, mugikorrarekin grabatuta dago, eta biolinak ordenagailuko mikrofonoarekin. Argi genuen ez genuela lortuko munduko soinurik onena, baina Josu Cascan ermuarrak kriston lana egin du hori guztia konpontzen, soinurik onena lortzen.

Non entzun daiteke abestia?
YouTuben eta Spotifyn dago.  Esperientzia honek balio izan dit Spotifyk nola funtzionatzen duen ikasteko, nahiko korapilatsua izaten baita prozesua.

Eta hemendik aurrera zer?
Lehenengo gauza martxoan eten behar izan genuen singlearen bideokliparekin jarraitzea izango da. Lantaldeko kide gehienak ikus-entzunezko komunikazioko ikasleak gara, eta orain, ikasturtea amaitu bezain laster, aukera ona daukagu lanari berriro ekiteko.

Portada

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »