Kalean da abenduko Txikitto aldizkaria

Kalean da abenduko Txikitto aldizkaria
2022/12/19 eta kitto!
Gabonetarako eduki bereziarekin dator abenduko aldizkaria. Aste honetan banatuko dute Eibarko ikastetxeetan Txikittoren 212. alea. (hemen daukazu PDF formatuan).

IKASLEEKIN BERRIKETAN atalean Urkizuko eskolako ikasleekin egon gara. Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen Eibarren. Larunbata izanik, herriko eskoletan bezperan egin zituzten ospakizunak, aldizkari honetan bertan ikus dezakezuen moduan. Urkizu ikastetxera jo dugu eta 6. mailako sei neskatila jatorrek kontatu digute nola ospatu duten egun handi hori eskolan. Hemen daukazue eurekin egin dugun bideoa:



Gabonetako zuhaitza apaingarriekin janzten dugu eta, oraingoan, NI BAI ARTISTA atalean, geure eskuekin egin dezakegun apaingarria egiteko aukera eman nahi dizuegu. Hori gutxi balitz, Gabonetarako beste apaingarri bat egitea proposatuko dizuegu: botilen tapoiekin egindako gorostia.

GABONAK indartsu datoz aurten. Herrian ekintza ugari antolatu dituzte Gabonez gozatzeko eta aste hauek magikoak bihurtzeko. Ekitaldi guztiak erreportaje batean bildu ditugu, eskura izan ditzazuen.

Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, ikastetxeetako berriak, ikasleek egindako denborapasak, txisteak, ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai. Bideo guztiak lotura honetan: https://etakitto.eus/mediateka/bideoak

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa, partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago.