Kirol asteburu betea Eibarren, Behobia-Donostiarekin bat eginez

Kirol asteburu betea Eibarren, Behobia-Donostiarekin bat eginez
2019/11/08 eta kitto!
Hainbat kirol-ekitaldi izango dira gure herrian asteburu honetan, gaur bertatik hasita. Horrela, afizionatuen mailako pilota jaialdia hasiko da 18:30ean Astelenan, Deporreko hiru bikoteen parte-hartzearekin Gipuzkoako txapelketaren barruan. Bihar foballean 1. Mailako partiduan Eibarrek Real Madril hartuko du Ipuruan 18:30ean eta emakumezkoen 2. Mailako partiduan Eibarrek Seagull jasoko du domeka eguerdian, 12:30ean. Eskubaloian Eibar Eskubaloiko senior mailako hiru taldeek etxean jokatuko dute: 1. Nazional Mailako Somosek Zaragozako Dominicos izango du aurkari bihar 17:00etan eta, aurretik, Gipuzkoako 1. Mailako Haritzak Urola Laztimendi pixka bat lehenago, 16:15ean; domekan, bestalde, emakumezkoen Grupo Mecalbek Ereintzaren bisita izango du goizeko 11:45ean. Errugbian Unbek bihar senior mailako gizonezkoen bi taldeen partiduak hartuko ditu: bigarren taldeak BRT-Menditarrak izango du aurkari 15:30ean eta bi ordu geroago Ohorezko B Mailako lehen taldeak Gernikari egingo dio aurre. Saskibaloian, 3. Mailako Avia Eibarrek Irungo Erroibide jasoko du bihar 18:15ean, Ipuruan jokatuko den denboraldiko lehenengo partiduan. Eta waterpoloan senior mailako talde biek kanpoan jokatuko dute: gizonezkoenak Leioan eta emakumezkoenak Getxon. Ezin ditugu ahaztu ezta ere Behobia-Donostiaren maratoi erdian parte hartuko duten eibartar guztiak; badirudi egun gogorra izango dutela aurrean.

Kirol modalitate guztietako neurketak eta ordutegia  ASTEBURUKO KIROL AGENDAren orrialdean.