Gaur amaituko da Arrate Kultur Elkarteak antolatutako Ikus-entzunezko Astea, baina aurretik, egitaraua ixteko, gaur 20:00etatik aurrera Kokein taldeak kontzertu akustikoa emango du San Andres elizako klaustroan.
1999ko urrian, beste hainbat taldetan aritutako musikariekin (Luther, Kukka, Kafha Ehun Kilo) eratutako taldea da KOKEIN . Eibarko lokaletan dagoen estudioan gaur egun aurkiezina den maketa bat grabatu zuten. Musika bere osotasunean ulertzen dute, mota konkretu batetatik baino askotatik edaten dutela argi utziz. Rock-aren ikuspegi berri batean murgiltzen dira lokalean kantak sortzerako orduan, 90. hamarkadako konposaketa gordinetatik hasi eta XXI. mendeko sofistikazioa lortu arte. Dagoeneko 6 disko argitaratu dituzte, azkena iaz, Lera izenekoa. Eibarko KOKEIN taldea azken hilabeteotan hainbat kontzertu akustiko eskaini ditu Euskal Herri osoan zehar euren abestiak irakurtzeko eta interpretatzeko modu ezberdinak daudela erakutsiz.