Luis Roquero, La Revoltosako eszena-zuzendaria: “Komedia korala bihurtu dugu La Revoltosa”

Luis Roquero, La Revoltosako eszena-zuzendaria: “Komedia korala bihurtu dugu La Revoltosa”
2019/11/26 11:24
eta kitto!
Estatuan bira arrakastatsua egin ondoren, Clasicos de la Lirica antzerki-konpainiak La Revoltosa zarzuela eskainiko du Coliseoan, hilaren 30ean, 20:30ean. Zarzuelako lan garrantzitsua da La Revoltosa eta XX. mende hasierako obra eguneratu du, Clasicos de la Liricak. Madrilgo korrala batean bihurtuko da Coliseoa eta bizilagunen arteko istiluen lekuko izango dira ikusleak.

la revoltosa web

- Nolako proposamena dakarkigu La Revoltosak?

XX. mende hasierako zarzuela da La Revoltosa. Izaera kostunbrista du eta sasoi hartako Madrilen dago girotua. Genero txikiko ikuskizun bezala sortu zen, baina gure moldaketarekin obra handitu dugu, bi ekitaldi eta lau koadro dituen komedia sortuz. XX. mende hasierako Madrilgo korrala bateko auzo-patioko giroa islatzen saiatzen gara, gaur egungo auzo-komunitateen antzera. Maitasun, zelo eta desadostasun istorioak ikusiko ditugu, hau da, bizilagunen arteko zalaparta.

- La Revoltosa antzezlanak 120 urtetik gora ditu. Nolako moldaketa egin duzue obra eguneratzeko?

Ikuskizunak Ruperto Chapik sortutako La Revoltosaren esentzia orijinala mantentzen du, baina beste autore batzuen piezak erabiliz obra handitu dugu. Abestiek izaera madrildarra dute, obraren dramaturgiarekin bat egiten duen gaiarekin bat eginez. Horrela, bizilagun haien istorioa luzatzen dugu eta pertsonaiei indar gehiago ematen diegu. Komedia korala bihurtu dugu La Revoltosa.

- Ikuskizunaren eszena-zuzendaria zara. Nola egiten duzu hainbeste antzezle zuzentzeko?

Lan asko egiten dugu. Entseguei eta aurretiko lanari garrantzia handia ematen diegu. Hasieran, antzezle guztiekin batzen gara, obraren lehen irakurketa egiten dugu eta eszena guztiak sortzen hasten gara. Lehenik, aktoreekin banaka egiten dugu lan eta, ondoren, taldeka. Ondo asmatzen saiatzen gara castinga egiteko orduan, pertsonaien izaerara ahalik eta ondoen egokitzeko.

- INAEMen Platea programarekin bira egin duzue 2019an. Nolako erantzuna jaso duzue?

Zoragarria. Poz handia eman digu publikoaren erantzunak eta eurek sorpresa handia hartu dute obrarekin. Saio batzuetan bisak egin behar izan ditugu eta, batzuetan, obra eten behar izan dugu publikoaren txaloengatik. Poz handiko urtea izaten dihardu.

- Zarzuelak momentu gozoa bizi du?

Ez, ez duelako behar duen laguntzarik jasotzen. Hezkuntza arloak eta erakundeek genero hau gehiago sustatu beharko lukete, eta guztion eskura jarri ikuskizun hauetarako sarbidea. Zarzuela ikuskizunek gutxieneko kalitatea izan behar dute eta kalitatezko ikuskizunak ikustea ahalbidetu behar zaio jendeari. Mota honetako ikuskizunak lehen aldiz ikusten dituen jendeak errepikatu egiten du ondoren. Guk, adibidez, antzerki batean antzezten badugu, hurrengo biran toki berean antzeztu ohi dugu.

- Publiko gaztearengana hurbiltzen saiatzen zarete. Nola?

Publiko berria sortu nahi dugu, zarzuela publiko nagusiagoarekin lotu ohi delako. Horretarako, kalitate handia, proposamen eszeniko erakargarria eta artista gazteak edukitzen saiatzen gara. Zarzuelak bizirik jarraitu ahal izateko belaunaldien arteko erreleboa behar da.