Mag Lari, magoa: “Magiak gure barrenean sortzen duen emozioak liluratzen gaitu”

Mag Lari, magoa: “Magiak gure barrenean sortzen duen emozioak liluratzen gaitu”
2018/10/26 11:08
eta kitto!
Mag Larik magia egingo du bihar 20:00etan Coliseoan eta Italiara eramango gaitu. Kataluniako magoak ‘Dolce Vita’ ikuskizuna ekarriko du, Italiako paisaietan girotutako esku-joko ezberdinen errepertorioa, eta umorea ez da faltako magia saioan. 25 urte daramatza magia egiten eta telebistan ere ikusteko aukera izan dugu, ‘Pura Magia’ saioan zehazki.

 

- Gaur egun gauza gutxik sortzen dute harridura eta magia izan daiteke horietako bat. Zergatik? Zer dauka magiak harridura sortzeko?

Gure zentzuari eta adimenari apelatzen dio magiak, azalpenik ez duten gauzak gertatzen direlako gure begien aurrean. Baina magiak sortzen duen lilura ez da horri esker eratzen, gure barrenean sortzen duen emozioarengatik baizik. Ulertzen ez duzun gauza bat ikusten duzunean eta ederra denean, emozio handia sortzen dizu barrenean. Hori magiarekin bakarrik sortzen dela esango nuke. Harridura, emozioa, dibertimendua eta ezustekoa nahasten ditu magiak.

- Oso gazte hasi zinen mago moduan. Zer bultzatu zintuen magiaren mundura?

Maila profesionalean edo afizionatu moduan ibili, momentu batean atentzio puntua izateak erakartzen gaitu magiaren munduan gabiltzan guztioi. Txikitan oso pertsona lotsatia nintzen eta magiari esker hainbat lorpen egin nituen maila pertsonalean. Hasi nintzenean publikoaren harridura aurpegiak ikustea ikaragarria gustatzen zitzaidan.

- Nolako eboluzioa izan duzu mago moduan hasi zinenetik gaur egunera arte?

Oso bide polita izan da. Batetik, oso autodidakta delako eta, bestetik, aurrerapausoak ematen dituzula ikusten duzulako. Gauza errazekin hasten zara eta orain, atzera begiratzen dudanean, demaseko eboluzioa ikusten dut nire jardunean. Gero eta lan gehiago egin, gauza berri gehiago egin ditzakezu. Hasieran ezin nuen aparatu handirik eraman kotxerik ere ez neukalako, baina gaur egun edozer gauza egiteko aukera daukat.

- Zeintzuk dira zure erreferenteak magiaren munduan?

Erreferente asko daukat, baina David Copperfield da nagusiena. Oso pertsona atsegina da, barre egiteko magia egiten du, baita magia ikusgarria ere, hurbileko magia lantzen du... denetarik egiten du. Niretzat eredua da.

- Publikoak ere eboluzionatu du urte hauetan? Zorrotzagoa da?

Ez dut alderik somatu. Publikoak informazio gehiago dauka orain eta gauza gehiago dakizki teknologia berriei esker, baina harritzeko gaitasuna bera dela esango nuke.

- Publikoak magoen trukoak zeintzuk diren deskubritzeko aukera gehiago dago orain?

Teorian, magoaren eta publikoaren artean hitzarmen bat dago. Magoa harridura sortzen saiatzen da eta publikoa harritzeko prest dago. Magia ikuskizun batera joan eta harritzerik nahi ez baduzu edo magoaren trikimailuak agerian utzi nahi badituzu, magiaren premisa apurtzen da. Hala ere, egia da gaur egun errazagoa dela magoen trikimailuak zeintzuk diren jakitea.

- ‘Dolce Vita’ ikuskizunarekin zatoz Eibarrera. Nolako magia saioa ikusiko dugu?

Gure gizarteak dituen erreferente italiarrak erabiltzen ditut eta, noski, ‘Dolce Vita’ pelikula eta Ryan Parisen abestia ere. Kutsu italiarra duen magia egiten dut eta osagai klasikoak erabiltzen ditut. Hau da, elementu bisualak eta publikoaren parte hartzea bilatzen duten trukoak.

- Umoreak ere tokia izango du ikuskizunean?

Bai, noski. Magia komikoa egiten dut. Ez dakit magia serioa egiten, ez naizelako lasai geratzen.