Maite Martinez de Arenaza, La Taller estudioa: “Artisten munduko teknika klasikoa bihurtu da grabatua”

Maite Martinez de Arenaza, La Taller estudioa: “Artisten munduko teknika klasikoa bihurtu da grabatua”
2018/09/28 09:49
eta kitto!
Maite Martinez de Arenazak zuzentzen duen La Taller grabatu tailerrean batu ziren Raisa Alava, Iñaki Elosua, Javier Idirin, Beñat Krolem, Juanjo Ortubia, Omer Zaballa eta Alazne Zubizarreta. Orain, erakusketa bat eskaintzen dute elkarrekin. Elkarrekin, baina bakarka. Horrelakoa da 7/7, zazpi artista hauen bakarkako erakusketak batzen dituen egitasmoa. Urriaren 14ra arte egongo da zabalik Portalean eta, tartean, estanpazio teknika klasikoen tailerra eskainiko dute urriaren 9an. Izena emateko erakusketara joan besterik ez duzue egin behar.

 

- Nolako lanak ikusi ditzakegu 7/7 erakusketan?

Erakusketa kolektiboaren itxura dauka, baina denbora eta espazioa partekatzen duten bakarkako zazpi erakusketa batzen dira 7/7 ekimenean. Ez da ohikoa izaten zazpi proiektu honelako zabaltasunarekin erakutsi ahal izatea. Lanei dagokienez, paperean egindako lanak aurkitzen ditugu eta grabatuarekin lotura duen jendea da lan hauen egilea. 7/7 erakusketan parte hartzen duten artistak La Tallerrera etortzen dira eta lan grafikoak egiten dituzte, nahiz eta erakusketan aurkitzen diren lanetako batzuk berez grabatuak ez diren.

- Zer dira ba?

Ba, adibidez, irudi digitalak daude, makil eta oihalekin egindako maketak, oleoak... Baina artista guztiek grafika-lanak egiten dituzte orokorrean.

- Berez, zer da grabatua?

Lau mendetan zehar (XV. mendetik XIX. mendera) irudiak errepikatzeko erabili diren teknika multzoa da grabatua. Gero mekanizatu egin zen eta irudien errepikapen industriatik kanpo geratu zen. Hala ere, artistak teknologia horretaz baliatu ziren euren artelanak egiteko.

- Beraz, La Tallerren grabatuen tradizioa berreskuratu duzue?

Bai, artisten munduko teknika klasikoa bihurtu da grabatua. Grabatu tailerra liburuen errepikapeneko industria izan bazen, erreprodukzio artistikoaren zentroa da orain.

- Nolako artisten lanak ikusi ditzakegu erakusketan?

Profesionaltasunetik hurbil dauden artistak dira denak. La Tallerrera datoz, baina gero bakoitzak bere proiektua dauka. Raisa eta Alaznek, adibidez, margolaritza garaikidearekin daukate lotura; Iñakik irudi geometrikoekin egiten du lan, collagearekin, eta diseinu grafikoaren mundutik dator; Javier oso figuratiboa da eta paisaiekin egiten du lan, baina geometriarantz jotzen du; Juanjok espresioa lantzen du trazuen bitartez, espresionismo klasikoa delako bere inspirazio iturria; Beñaten doktoretza- eta arte-ikerkuntza artearen inprobisazioan zentratzen da; eta Omer teknikatik hasi zen lan egiten, baina oinarri kontzeptual oso indartsua duen lana egiten amaitu du.

- Omerrek berak eskainiko du estanpazio teknika klasikoen tailerra. Nolakoa izango da?

Eibarren instalazio bikaina dago, oso torkulu onarekin. Erabiltzen ez zutela esan zigutenez, pare bat teknika errazekin torkulua erabiltzen ikasteko tailerra eskaintzea da gure asmoa. Teknika erraz horiekin torkulua erabiltzeko gauza izango dira tailerrean parte hartzen dutenak eta, hortik abiatuta, bakoitzak bere aldetik esploratu dezake.