Martin Azpilikueta, komikigilea: “Ikastaro dibertigarria eta interesgarria eskaintzea da helburua”

Martin Azpilikueta, komikigilea: “Ikastaro dibertigarria eta interesgarria eskaintzea da helburua”
ETA KITTO 2022, Urr 14

Martin Azpilikuetak komiki-tailerra eskainiko du azaroaren 9tik 22ra. Klaseak ordubetekoak izango dira, 15 egunetik behin, eta bi talde antolatuko dira (LH-ko 4. mailatik DBH-ko 1. mailara; eta 16 urtetik gorakoak). Izena emateko epea urriaren 21ean amaituko da eta Udalaren webgunean aurkitu daitekeen formulario baten bitartez egin daiteke.

Martinek etxean jaso du marrazkigintzarekiko zaletasuna eta, orain, beste eibartar askori hedatuko die bere pasioa. Komiki zale eta komikigile, testu eta irudien bitartez burutik pasatzen zaizkigun milaka istorio kontatzeko gai garela irakatsiko digu Portalean egingo den ikastaroan.

 

Nolakoa izango da komiki-tailerra? Zer ikasiko dugu bertan?

Hasteko, marrazteko beldurra kenduko dugu. Garrantzitsuena ez da ondo marraztea, baizik eta beldurra kentzea eta trebetasuna hartzea. Horretarako, hainbat aholku emango ditut eta, ariketen bitartez, komikigintzan murgiltzen joango gara. Ikastaro dibertigarria eta interesgarria eskaintzea da helburua, ez dadila astuna izan.

Bi talde egongo dira, bata umeena eta bestea helduena. Ezberdin jokatuko duzu bietan?

Antzeko dinamikak jarraituko ditugu bi taldeetan. Gauza batzuk aldatuko dira, noski, baina oinarria antzekoa izango da. Helduen kasuan, adibidez, ikuspegi landuago batetik abiatuko gara eta ezaugarri formalagoak landuko ditugu, baina talde bietan ondo pasatzea da asmoa.

Komikien inguruko gutxieneko jakintza edukitzea beharrezkoa izango da?

Oinarrizko ezagutza bat egotea ondo legoke, baina ez da beharrezkoa jakintza handirik edukitzea. Gauza gutxirekin istorio bat nola kontatu daitekeen ikasiko dugu. Hau da, ahalik eta esfortzu txikienarekin, zerbait kontatzea. Izan ere, nahi bezalako pertsonaiak asmatu ditzakezu. Adibidez, lagunak diren karratu bat eta triangelu bat, eta etsaia borobil bat izatea. Gero, bokadiloak jarri eta elkarrizketa bat sortu dezakezu, eta hortik abiatuta istorio bat kontatu.

Zer prozesu jarraitu behar da komiki bat sortzeko?

Modu ezberdinak daude. Komikia luzea bada, gidoia lantzea komeni da. Nik, ostera, tira motzak egiten ditut gehienbat eta, horrelako kasuetan, inprobisatzeko aukera gehiago daukazu. Horrela, bat-batean ideia bat bururatzen bazaizu, pixka bat garatu eta istorio bat sortzen duzu. Beraz, ez dago modu jakin bat komikiak sortzeko eta hori da komikien xarma, norberak bere erara sortzea.

Komikietan zenbaterainoko pisua dute marrazkiek eta zenbaterainokoa testuek? Nola uztartzen dira elementu biak?

Elementu bakoitzari norberak ematen dio eman nahi dion garrantzia. Agian, gidoia edo elkarrizketa oso garrantzitsuak izan daitezke eta marrazkiak oso sinpleak; edo alderantziz. Pelikuletan ere askotan esaten dutenez, batzuetan ez da garrantzitsua kontatzen dena, baizik eta nola kontatzen den argazkilaritzaren, planoen, koloreen eta bestelako kontu teknikoen bitartez.

Komikien munduan estilo eta mota ezberdinak daude (manga, superheroien istorioak, nobela grafikoak…), ezta?

Bai, estilo-sorta zabala dago. Garrantzitsua da erreferenteak edukitzea eta, zentzu horretan, Juan San Martin liburutegian hainbat komiki hartu ditzakegu maileguan. Gainera, komiki gehiago, komikigileak eta ilustratzaileak ekartzea da ideia. Bestetik, komiki-tailerreko parte-hartzaileek euren estiloa garatuko dute komikiak sortzeko orduan eta, amaieran, dena batzea eta argitaratzea da gure asmoa.

Normalean, komikiak eskuz sortzen dira edo ordenagailuen laguntzarekin?

Batzuek lehenengo zirriborroa eskuz egiten dute eta, gero, ordenagailuan jartzen diote tinta. Nik, adibidez, dena eskuz egiten dut eta, gero, marrazkia eskaneatu eta Photoshopen irudia garbitu eta gauza sinpleak egiten ditut.

Zuri zein motatako komikiak egitea gustatzen zaizu?

Amerikako Estatu Batuetako undergorund komikiak gustatzen zaizkit gehien bat. Adibidez, Robert Crumb, Daniel Clowes… Horrelako autoreak nahiko apurtzaileak izan ziren. Musikarekin alderatuz gero, punkiak zirela esango genuke. Helduentzako kaleko gaiak lantzen zituzten, nahiko beroak eta umore azidoarekin. Beraz, ez dut estilo bakar bat lantzen, baina modu inkontziente batean aipatutako autoreak kopiatu ditut gehienbat, nahiz eta beste komiki batzuetatik ere gauzak hartu ditudan. Adibidez, Snoopyren eragina izan dut batzuetan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »