Mikel Azpiroz (pianojolea): “Ordubeteko lasaitasun-tartea eskainiko dugu Coliseoan”

Mikel Azpiroz (pianojolea): “Ordubeteko lasaitasun-tartea eskainiko dugu Coliseoan”
ETA KITTO 2021, Mai 18

Ostiral honetan, maiatzaren 21ean, Mikel Azpiroz pianojole donostiarraren “Islak” azkeneko lanarekin zuzenean gozatzeko aukera izango dugu Coliseo antzokian (19:00etan). Aurreko bi diskoekin jarraitutako bide intimistan sakontzen du “Islak”-en.  Kontzertuan ez da bakarrik egongo, Karlos Aranzegi bateriajoleak eta Fernando Neira kontrabajistak giro lasai eta intimista hori lortzen lagunduko diote zenbait piezatan.

Azarotik alde batetik bestera zabiltza zure azken diskoa aurkezten. Nola doa?
Diskoa azaroan aurkeztu nuen Victoria Eugenia antzokian. Harrezkero, Bilboko Arriagan, Sorian, Madrilen, Iruñan eta hainbat lekutan egon gara. Beraz, egoera kontuan hartuta, ezin gara kexatu. Diskoa oso lasaia da, introspektiboa. Kontzertua modu akustikoan egiten dugu, estilo klasikoan, eta dena segidan, abestiak bata bestearekin lotuz. Coliseoan piano zoragarria dago eta Karlos Aranzegi bateria jolearekin eta  Fernando Neira kontrabajistarekin joango naiz.

Nolako sentsazioekin irteten da jendea?
Sortzen den giro intimista dela-eta, hunkituta ateratzen da publikoa; gaur egungo erritmo frenetiko horretan eten bat sortzen delako. Ordubeteko lasaitasun-tartea eskaintzen dugu. Adin eta era guztietako jendearentzako da.

Elkano Browning Cream taldearearekin ez bezala, bakarka egin dituzun hiru diskoetan bide desberdina hartu duzu, askoz ere intimistagoa. Zer dela eta?
Nire bi proiektu pertsonalak, Elkano Browning taldearekin egiten dudan lana eta pianoarekin bakarka egiten dudana, antagonikoak eta aldi berean konplementarioak dira. Bata askoz biziagoa da, eta bestea askoz introspektiboagoa. Behar kreatiboaren espektroa oso ondo betetzen dut modu horretan. Islak-en estilo desberdinak daude: nire formazio klasikoa hor dago; eta, bestetik, bluesa,  jazza, musika inpresionistaren ikutuak… Barruan daukadan guztiaren batura da, eta hori guztia hizkuntza pertsonalean  transmititzen saiatzen naiz. Hori da artista batentzako erronkarik zailena.

Aurreko bi diskoekin alderatuta, Islak-en Karlos Aranzegiren bateriak eta perkusioak laguntzen dute zure pianoa zenbait piezatan.
Bai, bost abesti horiek eskatzen zidaten lotura erritmiko bat, eta horregatik sartu dut perkusio elementu hori, eta baita baxu bat ere, diskoan nik neuk sartu dudana sintetizadore analogiko batekin, kontrabaxu baten tankera hartzen duena. Zuzenean, berriz, Fernando Neiraren kontrabaxuak beteko du leku hori.

Urte konplikatua izan da, baina ez zara geldirik egon…
Saiatu naiz urte berezi honi etekina ateratzen konposatuz, grabatuz, diskoa editatuz, beste musikari eta artistekin kolaborazioak eginez… Elkano Browning Cream-ekin udazkenean aterako dugu disko berria. Hori da nire lana egiteko modua, beti zirriki-zarraka.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »