Musika da konponbiderik gozoena

Musika da konponbiderik gozoena
2020/12/12 10:16
eta kitto!
Mila saltsatan ikusi dugu Hibai Etxebarria, baina berak pedagogoa dela dio, beste guztia afizio hutsa dela. Gernikarrak, ordea, sormena sobran du, maisutasunez egiten ditu lanak eta horren erakusle da ‘Goxokiak’, kaleratu berri duen diskoa. Hibaik lotura berezia du Eibarrekin eta lan berriak kutsu eibartarra du, Eibarko Koro Gaztearekin abesti bat grabatu baitu.

 

Hibairen eta Eibarko Koro Gaztearen arteko istorioa 2019an hasi zen. Eibartarrek ETB 1-eko ‘Ahotsak’ saioan hartu zuten parte eta, bertan, Julian Iantzi aurkezlearekin batera, Hibaik iradokizunak egiten zizkien parte-hartzaileei. Bere aholkuak eta iritziak  emateko formak, ostera, ez ziren oso atseginak izan parte-hartzaile guztientzat. “Saioan paper bat egiten nuen, pertsonaia bat”, diosku gernikarrak, eta eibartarrek ez zituzten berba politak entzun. “Txirigoteroak zirela eta horrelako beste astakeria batzuk esan nizkien”, dio, “eta pikea sortu zen gure artean”.

Jurgen Landa Eibarko Koro Gazteko kideak esan digunez, “Hibai ezagutu aurretik bere pertsonaia ezagutu genuen eta talka egin genuen. Oso zorrotza izan zen eta demasekoak esan zizkigun”. Hibaik pertsona eta pertsonaia bereizteko eskatu zien, baina gazteentzat ez zen erraza izan. “Pelikulako gaiztoa izan nintzen, baina ni ez naiz horrelakoa inolaz ere”, dio Hibaik, “pedagogoa naiz, hau da, telebistan ikusi zenaren guztiz kontrakoa”.

Haserreak haserre, alde bien artean harreman berezia sortu zen eta gorrotoak maitasun istorioari laga zion tokia. Izan ere, gernikarraren azken lanean eibartar gazteek hartu dute parte. “Koroarekin bat-bateko maitasuna izan zuela uste dut”, Elena Martin Eibarko Koro Gazteko zuzendariaren ustez. “Berak abesbatza asko ezagutzen ditu eta, gurekin abestia grabatu nahi izan badu, zeozergatik izango da”.

 

Sartu aurretik atea jo

Hibai sormen handiko pertsona da eta, pandemiak esku artean zuen diskoa zapuztu ondoren, beste abesti batzuk sortzen hasi zen. Halako batean ‘Sartu aurretik atea jo’ izeneko abestia konposatu zuen, abesbatzarako moldatuta. “Bereziki guretzako (guretako) moldatu zuen”. Horrela, Elenarekin berba egin ondoren, Hibai abesbatzaren entsegura joan zen gazteei proposamena egitera. “Ez genuen horrelako proposamenik espero”, Jurgenen berbetan, “eta ilusioa egin zigun”.

Abestiak mezu bat duela dio Hibaik, baina irakurketa asko egin daitezkeela. “Gaur egun, sare sozialetan ligatzeko eta erlazioak sortzeko orduan, jendea oso zuzena da. Merkatu edo azoka bat dirudi horrek. Niri hori ez zait gustatzen eta kritika egin dut. Abestiak dioen bezala, agian ate horren atzean dagoen pertsonak bihotza apurtuta du, gizaki bat dago atearen atzean, eta sartu baino lehenago atea jo behar dela diot. Hau da, sartu aurretik galdetzeko”. Hibaik esan digunez, “jokaera zuzen horiek gazteen artean normalizatu direla uste dut eta ez zait gustatzen”.

 

12 orduko grabazioa

Behin abestia sortuta eta abeslariak aukeratuta, grabatzea besterik ez zen geratzen, baina pandemiak gauzak zaildu zituen. Izan ere, mugikortasun-murrizketen eraginez, Eibarko Koro Gaztekoek euren aldetik egin behar izan zuten lan, Elena Martinen gidaritzapean; eta bestetik, ahal zen neurrian Hibaik sarritan egin zizkien bisita hainbat gauza zehazteko, “baina ez nik nahi bezain beste”, Hibairen iritziz. Azkenean, abestiaren grabaketa Portalean egitea erabaki zuten eta han batu ziren domeka batean.

Koro Gaztekoak nahiko urduri zeudela dio Jurgenek, “esan daiteke gure lehen lan profesionala zela”, baina oso giro ona sortu zen Hibairen eta euren artean, grabaketak 12 ordu iraun arren. “Osasun- eta segurtasun-neurriei eutsi behar genien, zatika grabatu, urduritasuna uxatu, nekeari aurre egin… Elenak eta biok animatzaile lanak egin genituen”, gogoratzen du Hibaik barrez. “Lehen bertsoa bi mutilek abesten dute, bigarrena mutil eta neska banak, eta hirugarrena hiru neskek” dio gernikarrak, “abestiak maitasun forma ezberdinei buruz berba egiten duelako”.

12 ordu lan egin ondoren, oso pozik amaitu zuten eguna. “Hibai oso eskuzabala da musikalki”, Elenaren ustez, “egoera berezi horretan dena eman zuen proiektua aurrera eramateko eta oso gozoa izan zen gazteekin”. Hibaik ere berba politak ditu eurentzat: “asko maite ditut”. Irakaslea izanik, ondo ulertzen ditu gazteak eta berarentzat ere ikasketa handia izan da hau guztia.

Elenak dio bihotzarekin egindakoa izan dela, “kirurgia musikaleko obra bat”. Horrela, bai Eibarko Koro Gaztea bai Hibai Etxebarria oso pozik geratu dira emaitzarekin. “Emozionatu egin naiz abestia entzutean”, esan digu Jurgenek.

 

Eibarrekin harremana

Eibarko Koro Gaztearekin bizi izan duen istorioaz gain, Hibai Etxebarriak lotura estua du Eibarrekin. Izan ere, pandemia aurretik Sostoa abesbatzarekin ibili da lanean. Gainera, hainbat lagun eibartar ditu (“Miren eta Beñat Narbaiza, Maite Arroitajauregi, Iraide Ansorena musika-eskolako irakaslea…”), baina herriarekin duen harremana txikitan hasi zen. “Eibarri zor diot nire bizitza musikala. Su Ta Garren jarraitzaile sutsua izan naiz eta Aitor Gorosabel da gehien eragin didan musikaria”.

Horren erakusle da Hibaik Su Ta Garren omenez sortutako taldea, Gu Ta Rak, eta Ander Garcia kontrabaxu-jolearekin eta Carlos Sagi bateria-jolearekin egindako ‘Geroaren hazi hezia’ abestiaren jazz estiloko bertsioa. “Eibar maite dut. Miresgarria da zulo horretatik (maitasunez) zenbat musikari handi irten diren ikustea”, dio esker onez. “Aitor Gorosabeli askotan esaten diot sinestezina dela bera hortik irten izana. Hau da, Berklee, Royal Academy of Music edo horrelako eskola handi batera gitarra-elektrikoa jotzen ikastera joan gabe, herriko tabernetan eta lokaletan jardunda, horrelako maila handia izatea. Demaseko meritua du. Gaur egun maila handiko gitarra-joleak daude, baina 90. hamarkadan Aitorrek bezala jotzea demasa zen”, dio Eibar maite duen musikari gernikarrak.