[Bideoak] Musika eskola aurrera begira

0    Kultura 
CDwes76
[Bideoak] Musika eskola aurrera begira
ETA KITTO 2019, Mai 25

Asteazkenean ikasturte amaierako kontzertua eskaini zuten Eibarko Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako ikasleek Coliseo antzokian. Urtero bezala, musika eskolako taldeek hartu zuten parte eta diplomak banatu ziren. Eskolak adin guztietako herritarrei eskaintzen die aukera musikara hurreratzeko, lau urtetik aurrera.  Ikasturte amaiera aprobetxatu dugu bertako zuzendari pedagogikoarekin hizketaldi bat izateko. Markos Juaristi goitik beherako musikaria da. Estilo desbedinak jorratu ditu (folka, rocka, popa…) eta piano eta kontrabaxu klasikoaren ikasketak egin zituen Donostian eta Baionan. Bere kabuz ikasi zuen gitarra jotzen. Euskal Herriko plazak girotzen ibili zen Akelarre musika taldeko kidea izan zen, besteak beste. Parisen jaioa, haurtzaroa Azkoitian igaro zuen, baina oso gazte zela hasi zen alde batetik bestera joaten. Gaur egun Hendaian bizi da eta astean 4 aldiz etortzen da Eibarrera. 24 urte daramatza gure artean.

Hendaiatik hona lanera etortzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina gustora etortzen da Markos Eibarrera. “Bizi guztia ari naiz errepidean, oraindik ez zait astuna egiten. Eibarren 24 urte daramatzat lan egiten, eta denborarekin Eibarko jendea eta Eibarko kultura hori ezagutzeko aukera izan dut. Berezia ikusten dut Eibar. Topografia hain estu horrek kasta bat sortzen du. Muga horien barruan bizitzeak garatu egiten du eibartarron gauzak egiteko gaitasuna. Nahiz eta herria erre, beste bat sortuko lukete eibartarrek. Gustora nago”.

markos eta ikaslea

Musika aldetik Eibarren beste lekuetan bezala, denetik dagoela uste du Markosek. Gazteen artean, mugikorrekin eta, abesteko ohitura galtzen ari delako kezkatuta dago Markos. “Kaleetan Kantuz eta horrelako ekimenak egotea oso ondo dago. Kalean abestearena poliki-poliki galtzen ari da. Iparraldean geratzen da kutsu hori. Tabernetan eta ostatuetan jendek oraindik abesten du pixka bat, baina ondo letorke hori guztia gehiago sustatzea”. Gazteak gauza eta musika askorekin inbadituta daudela ikusten du, eta “ez dute apreziatzen egile batek orduak sartu dituela eta formakuntza bat izan behar duela. Uste dute hatzamarra pantailatik pasa eta dena eginda dagoela. Instrumentuak jotzeko moduan ere ikusten da hau. 7 urteko haur bati lehen aldiz instrumentu bat ematen diozunean, gitarra adibidez, soka igurtzen hasten da, ez du tira egiten. Magnetofoi zaharren botoiak ez dituzte ezagutu! Aldatzen ari da hori ere. Eta gero esfortzuaren kontua dago. Aisiladian hainbeste alternatiba daukatenez, gutxiago dedikatzen diote musikari. Kirol asko daukate, partikularrak, ingelesa… Instrumentua ikasteko ez dute denborarik hartzen. Eta hori panorama txarra da guretzako”.

Musikak gauza askotan laguntzen duela argi dago. Memoria eta intelektoa lantzeko eta izakera kontrolatzeko ez ezik, harreman sozialak lantzeko ere tresna ezinhobea dela gogoratu digu Markosek: “Taldean jarduten duzunean taldekoekin hitz egiten duzu musikaren bitartez. Askatasuna ematen dizu eta autoestima igotzeko balio du. Gazte askok autoestima galduta daukate, kirolerako ez dutelako balio, esaterako. Musikan garatzen baditu bere abileziak, eta balio badu, eskolara burua altxatuta joaten da”. Musikan euren lekua aurkitzen dute askok beraz, musikan abilezia berezia daukatelako. Musikan zerbait direla sentitzen dute eta segurtasun bat ematen die. “Beti ez da erraza multzo batean onartua izatea, eta musikak status moduko bat ematen dizu. Hori bai, gero zuk jakin egin behar duzu jarrera egoki bat izaten. Ona bazara, baina beti aurrean egon nahi baduzu, multzo horretan gaizki ibiliko zara. Beraz, askotan zeure lekuan jartzen erakusten dizu musikak”. Alderantzizko fenomenoa ere gertatzen da batzutan eta zenbaiti mugak kartzen dizkie musikak. Izan ere, “batzuk beste arlo batzutan oso onak dira, baina musikaren abilezia garatzea lortzen ez dutelako frustratu egiten dira. Hala ere, laguntzen die ulertzen denak ez garela berdinak”. Bestalde, hasieratik jarrera eta ohitura onak barneratzea ere oso garrantzitsua ikusten dute musika eskolan (karpeta txukuna, agenda, instrumentua ondo zaindu…). Eta metodo pegagikoak urteekin asko aldat dira, “lehen kl aseak altare batetik ematen ziren, baina gaur egun irakasleak euren parean jartzen gara eta ikusi behar dute gu ere askotan nahastu egiten garela, humanoak garela”.Diplomak2Erronkei begira
Erronkei dagokienez, helburu nagusia urte batzutan ikasle kopurua handitzea dela dio Markosek: “Harrobi kopurua sendotzea lortzen badugu ikasle gehiago izango ditugu instrumentuak ikasten. Gitarra, gitarra elektrikoa, pianoa edo trikia bezalako instrumentuekin ez dago arazorik, jendea erraz joaten da, baina bandako instrumentuen kopurua handitu nahi dugu. Tronpeta, klarinetea, txirula edo saxofoia jotzen duen ikasle gutxi dago, eta hori modu berezi batean sustatzen ari gara, hikuntza musikalean bideo berezi batzuk eskainiz eta bisita rotatiboak egitez. Instrumentu `minoritario´ horiekin eta irakasleekin konekta dezaten ari gara lanean. Kontuan hartu behar da hemengo bandatik irtetzen diren gehienak herriko musika bandara joaten direla. Beraz, Eibarrek herriko banda mantendu nahi badu, inbertsio txiki bat egin beharko du musika eskolan. Nik uste dut herriari interesatzen zaiola musika eskola potente bat izatea, baina horretarako dirua behar da”. Orain dela gutxi, bestalde, bi pantaila interaktibo ekarri dituzte musika lenguaia edo betiko solfeoa erakargarriagoa egiteko, eta engantxe handia du ikasleen artean. Jolasten ikasten dute eta oso motibatuta daude. Bestalde, musika eskola herriari gehiago hurbildu nahi diote. “Azken aldian ikusgarritasuna lortzen ari gara. Sare sozialetan gaude, eta hor daude Koro Gaztea, Parrapas taldea,  Marisol Arrillagaren trikitilari eta panderojole taldea… Ekainaren 20an Untzagan izango gara. Horrela jarraitu nahi dugu, potentzial handia daukagu-eta”.

Musika eskola ikasturte amaiera (1) Musika eskola ikasturte amaiera (8) Musika eskola ikasturte amaiera (14) Musika eskola ikasturte amaiera (26) Musika eskola ikasturte amaiera (44)

Gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, kontrabaxu klasiko eta modernoa, teklatuak eta konbo klaseak (taldeak) ematen ditu Markosek. Ondo ezagutzen ditu ikasleak, eta argi dauka denak ez direla berdinak: “Ez bazaio gustatzen ez dago ezer egiterik. Batzuekin ikusten duzu musikak sentimendua pizten diela, baina beste batzuk pasibo ikusten ditut. Askotan ikusten dut ez dutela errepertoriorik, ez dutela ezer ezagutzen. Nik musikan alderantziz eman ditut urratsak. Kalean jotzen hasi nintzen. Profesional moduan bizitzea lortu nuen, eta gero hasi nintzen guztiari izena jartzen. Ikasleekin saiatzen naiz leiho pila bat zabaltzen”. Denek, baina, ez dute balio gitarra estilo baterako. Batzuk oso rockeroak edo bluseroak ikusten ditu Markosek, eta beste batzuk, berriz, apurtxo bat galduta. Horiei euskal errepertorio bat egiteko gomendatzen die eta “15-16 urterekin aukera izango duzu ligatzeko eta gauza asko egiteko gitarraren bitartez. Ikasi ondo jotzen dozena bat kanta eta horiekin akorde gehienak menperatuko dituzu”, esaten die.

382 ikasle ditu musika eskolak gaur egun. Horietako 75 txikitxoak dira, eta  beste guztiak instrumentuarekin edo talde batean dihardute. Irakaslegoa gertu sentitzea eta motibazioa ezinbestekoak dira ikasleek aurrera egiteko. “Dena dela, 6 edo 8 urte musika ikasten egotea niretzako arrakasta da gaur egun. Ikasleak nola motibatu bilatzen dugu eta gurasoen jarrera ere inportantea da. Haur guztiak ez dira berdinak eta gurasoek jakin behar dute seme-alaba bakoitzari zer eman. Ume bakoitza egoera bat da eta nik gogoarekin ikusi nahi ditut”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »