Odisea elkarteak egun osorako egitaraua prestatu du zapaturako Errebalen, era guztietako mahai-jokoekin

Odisea elkarteak egun osorako egitaraua prestatu du zapaturako Errebalen, era guztietako mahai-jokoekin
2022/10/06 eta kitto!
Aurten 10 bete dituela eta, Odisea elkarteak “Ulisesen Jokoak” izeneko ekitaldia antolatu du zapaturako, urriaren 8rako, Errebal Plazan. Goizetik hasita, era guztietako mahai-jokoetan aritzeko, Warhammer 40K moduko joko arrakastatsuetan leihatzeko eta horrelako kontuetan maisuak direnei begiratuta ikasteko aukera egongo da, ilundu bitartean. Eguna betetzeko moduko plan biribila.

Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua Odisea elkarteko Mikel Feijook, Zoe Gonzalezek eta Saúl Martinek, Jon Iraola alkatearekin eta Patxi Lejardi Kultura eta Euskera zinegotziarekin batera elkartearen egoitzan egindako ekitaldian. Egun osorako egitaraua prestatu dute urriaren 8rako, goizeko 08:00etan hasi eta 20:30ean amaitzeko: 100 joko baino gehiagoko ludoteka, txapelketak, rol-jokoak, erakustaldiak... eta, amaitu aurretik, 20:00etan, parte hartzen duten guztien artean zozketa egingo dute, hainbat opari banatzeko (zozketa egiten den unean bertan egotea eskatu dute antolatzaileek). Jarduera guztiak doan izango dira eta, azaldutakoaren arabera, adin, interes eta gustu desberdinak dituzten pertsonak gerturatzea nahiko lukete, gaur egun mahaiko jokoetan dagoen eskaintza zabala bertatik bertara ezagutzeko. Gainera, jolasteko aukera ere egongo da.

Egitarauari jarraituta, hainbat jarduera egun osoan zehar egingo dira: mahai-jokoen ludoteka, Warhammer 40.000 txapelketa (08:00etan hasita) eta Blood Bowl txapelketa (09:45ean hasita). Horrez gain, goizean zehar beste hauek eskainiko dituzte: Aristeia txapelketa (09:00etan); Star Wars Legion, Exploradores de las profundidades sombrias eta Marvel Crisis Protocol jokoen erakustaldiak; eta Blade Runner (10:00etan), Llamada de Cthulu (11:30ean) eta Kids on bikes rol-jokoen partidak. Eta, arratsalderako, beste hauek antolatu dituzte: Crokinole txapelketa (17:00etan), Symbaroum (17:00etan), Savage Worlds (17:00etan) eta Sistema impulso – Nueva Pangea (17:00etan) rol-jokoen partidak; Shikoku txapelketa (18:30ean); eta Marvel Crisis Protocol eta Canción de Hielo y Fuego jokoen erakustaldiak.

Jarduera bakoitzaren inguruko informazio zehatza, bestalde, Odisea elkartearen web orrian eta sare sozialetan (Twitter, Facebook eta Instagram) kontsultatu daiteke eta, edozein zalantza izanez gero, contacto.odiseaeibar@gmail.com helbidera idatzi daiteke. Bestalde, otsailean Odisea elkarteari buruzko erreportaje zabala kaleratu genuen eta, nahi izanez gero, HEMEN irakur dezakezue. BIDEOA ere orduan grabatu genuen.



 

LosjuegosdeUlises