Kezka dantza taldeak, EKG-k eta Sostoak Vermont-eko Northern Harmony abesbatzarekin batera jardungo dute ostegunean

Kezka dantza taldeak, EKG-k eta Sostoak Vermont-eko Northern Harmony abesbatzarekin batera jardungo dute ostegunean
2019/04/08 eta kitto!
Vermont-eko (AEB) Northern Harmony abesbatzak emanaldia eskainiko du Coliseo antzokian apirilaren 11n, ostegunean, 20:30ean. Maila goreneko abesbatza gurean izango dela eta, herriko hainbat taldek emanaldia biribildu nahi izan dute eta eurekin batera jardungo dute taula gainean. Beraz, munduko txoko desberdinetako kantak jorratzen dituen Northern Harmonyk Sostoa abesbatza, Eibarko Koro Gaztea eta Kezka dantza taldea izango ditu lagun datorren asteko saioan. Sarrerak 5 euro balio du.


Larry Gordon-ek zuzendutako abesbatza hau 1993an sortu zen Vermont-en (Ameriketako Estatu Batuak). Abesbatza tradizionalen ohiko errepertoriotik haratago, Northern Harmony taldeak munduko kantu polifoniko desberdinak jorratzen ditu, tartean Balkanetako, Georgiako, Korsikako eta Hego Afrikako kantak. Horiekin batera Ameriketako garai bateko kantu eta harmoniak lantzen ditu abesbatzak, baita musika-tresnak ere. Hogeita bost urteko ibilbidean Amerika eta Europan zehar hamaika bira egin ditu abesbatzak, eta toki guztietan oso harrera ona egin diote, egiten duten musikaren kalitatea goraipatuta.

Otsailaren 23az geroztik Europan dabiltzala aprobetxatuz, bi hilabete Ingalaterran eta Frantzian emanaldiak eskaintzen ibili eta gero ailegatuko dira Eibarrera. Astelehenean eman zuten lehen kontzertua Euskal Herrian, Iruñean, eta bigarrena gure herrian eskainiko dute datorren eguenean. Ondoren, hilaren 12an eta 13an Errenterian egingo diren emanaldiekin agurtuko dute udaberriko bira.

Northern Harmony abesbatza osatzen dutenen artean, mailarik altuena duten 14 kantari eta musikariak aukeratu dituzte, abesbatzak udaberri honetan Europan egingo duen birarako: Larry Gordon, Jeremy Carter-Gordon, Silas Hamilton, Willy Clemetson, Luke Linich, Evyatar Gershon, Mia Bertelli, Stella Green Sanderson, Anna Peel, Julia Placier, Emma Rothman, Elsa Schaffer, Heidi Wilson eta Sarina Yospin Partridge.

Sostoa, EKG eta Kezka
Coliseoan egingo duten kontzertuan herriko taldeek, Sostoa abesbatzak, Eibarko Koro Gazteak eta Kezka dantza taldeak, euren errepertorioko hainbat pieza eskainiko dituzte, Ameriketatik etorritako taldearen kontzertua biribilduz. Emanaldi berezi honetatik kanpora ere, eibartarrek agenda bete-betea dute.

Kezka dantza taldeko 36 kide Anberesen (Belgika) egon ziren aurreko asteburuan Arrateko ezpata-dantza eskaintzen eta esperientziarekin pozarren bueltatu dira etxera. Eibartarrekin batera Belgika, Frantzia eta Eskoziako taldeek jardun zuten, Anbereseko ezpata-dantzaren 50. urteurrenaren harira egin zen jaialdian. Kezkako dantzariek Anberesko katedralaren aurrean, merkatu plazan eta Borgehout distritoko udaletxe parean dantzatu zuten, besteak beste.

Kezka Amberes

Eibarko Koro Gazteak, bestalde, Northern Harmony abesbatzarekin kantatu eta, hurrengo egunean, bigarren kontzertu bat eskainiko du Coliseoan, hori ere berezia. Izan ere, EKGren 10. urteurrena ospatzeko kontzertua izango da eta Elena Martin Lapeyrak zuzentzen dituen gazteak ilusio handiz ari dira prestatzen. Apirilaren 12an izango da, 20:30ean Coliseoan (5 euro).

Eibarko koro gaztea

Eta Sostoa abesbatzak ere hitzordu berezia izango du hurrengo asteburuan: apirilaren 13an (zapatua), 20:00etan, kontzertu sakroa egingo du Karmengo Amaren elizan. Aurtengo saioan, Josu Elberdin Badiola konpositorearen errepertorio monografikoa kantatuko dute.

Sostoa