Ramon Barea, aktorea: “Paradoxikoa izan daiteke, baina lotsak eraman ninduen antzerkira”

Ramon Barea, aktorea: “Paradoxikoa izan daiteke, baina lotsak eraman ninduen antzerkira”
ETA KITTO 2022, Ots 18

Euskal Herriko antzerkiaren izen handienetako bat da Ramon Barea (Bilbo, 1949). 70. hamarkadan antzerkiaren pozoia sartu zitzaion gorputzean eta oraindik ez du antidotorik aurkitu. Ezta aurkitzeko gogorik ere! Antzerkiaren bokazioari, ikasle-irakasle figurei eta, oro har, antzerkigileek bizi dutenari buruz jardungo du Coliseoan, martitzenean, 19:00etan, Mikel Losadarekin Antzerki Jardunaldien aurkezpenean.

 

Nolako solasaldia izango duzu Mikel Losadarekin?

Mikel orain dela urte asko ezagutu nuen eta gauza asko partekatu ditugu. 17 edo 18 urterekin Bilboko Juan Antxieta antzerki-eskolan hasi zen eta ni nintzen bertako koordinatzailea. Bere adina kontuan hartuta, nabarmentzen zen ikaslea zen. Harrezkero, hainbatetan ibili gara elkarlanean eta ‘El viaje a ninguna parte’ antzezlanean berriz elkartu gara. Hain zuzen ere, antzezlan honetan antzerkigintzan aritu edo ez erabakitzen dabilen gazte baten papera egiten du Mikelek, eta nik konpainiaren beterano batena. Beraz, antzezlanak solasaldiarekin zerikusia izango du, antzerkiaren pozoia ardatz hartuta. Batak, hasten dagoenaren ikuspuntutik; eta, besteak, beteranoaren begiradatik.

 

Antzerkigintzan ibilbide luzea egin duzu, baina hasiberria ere izan zinen. Nola gogoratzen duzu sasoi hura?

Paradoxikoa izan daiteke, baina lotsak eraman ninduen antzerkira. Eszenatoki gainean mundua gelditu egiten zela ikusten nuen, bertan zeudenek mundua kontrolatzen zutela, eta nerabe lotsati batentzat segurtasun falta menderatzeko modua zen. Antzerki ikusle konpultsiboa izan nintzelako hasi nintzen antzerkia egiten. Bilboko Alde Zaharreko gazte klubean hasi nintzen antzerkigintzan, jende zaharragoarekin. Gero, bulego batean lan egiten nuen bitartean, soldataren zati bat antzerkia ikusteko gastatzen nuen. Antzerkiarekiko bokazio arraroa izan dut.

 

Arraroa zergatik?

Ama Solokoetxeko eskolako irakaslea zen eta antzerkia egiten zuen ikasleekin. Nire bizitzako lehen antzezpena bertan egin nuen eta, horren ondoren, neure buruari zin egin nion inoiz gehiago ez nintzela eszenatoki gainera igoko. Gabonetako alegoria bat zen eta, ez dakit zergatik, andaluziarrez jantzi ninduten. Lotsa sentitu nuen eta ez nuen antzerkiaz ezer gehiago jakin nahi.

 

Ba ia bizitza osoa pasatu duzu eszenatoki gainean! Zergatik?

Gustura sentitu naizelako, uste dut. Eszenatokia espazio arriskutsua da, baina kontrolatzen amaitzen duzu. Bizitza gelditu daitekeen toki bakarra da artearen munduan. Bertan, bizi dugun mundu kaotiko, arriskutsu eta gorabeheratsua ordenatu eta kontrolatu dezakegu. Antzerkia errepikapenaren artea da. Hain zuzen ere, obra bat gero eta gehiago egin, pertsonaia orduan eta gehiago ezagutu, zoriontsuagoa zara.

 

Antzerkigintzan hasi zinenean, irakaslerik izan zenuen?

Ez. 1969an ‘Comicos de la legua’ izeneko antzerki-elkartea sortu genuen. Alex Angulo, Santiago Gurrutxaga eta abarrekin antzerkia egiten hasi nintzenean, Euskal Herrian ez zegoen antzerkilari profesionalik, irakaslerik edo konpainiarik. Autodidaktak izan ginen, eta ekinez eta akatsak eginez gure teknika asmatu genuen. Dena dela, irakasleak edukitzea gustatuko litzaidake. Zentzu horretan Mikelek nik baino zorte gehiago izan duela uste dut, baina horrela izan behar da, gauzek hobera egin behar dutelako.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »