Ruper Ordorika, musikaria: “Orain dela lau hamarkada Bilbon bizi genuen giroa erakusten dugu emanaldian”

Ruper Ordorika, musikaria: “Orain dela lau hamarkada Bilbon bizi genuen giroa erakusten dugu emanaldian”
2022/03/11 eta kitto!
Diskoa kaleratu eta 42 urte ondoren, Ruper Ordorika musikari oñatiarrak ‘Hautsi da anphora’ lana ekarri du jendaurrera berriro. Sasoi hartan Bernardo Atxaga izan zuen lagun diskoaren letrak lantzeko orduan, eta oraingoan ere idazle asteasuarra izango dute alboan eszenatoki gainean Ordorikak eta ‘Mugalaris’ bandak. Hilaren 20an Coliseo antzokian izango ditugu, 20:00etan, Korrika Kulturalaren barruan.

 

Sorreratik lau hamarkada igaro ondoren, ‘Hautsi da anphora’ lana ekarriko duzu berriz jendaurrera. Zerk bultzatu zaitu horretara?

Loraldia jaialdiaren kemenak ekarri gaitu hona. Orain dela urte batzuk proposamen honekin etorri zitzaizkidan, baina beste disko batzuekin nenbilen eta ezezkoa esan behar izan nien. Orain dela bi urte, azkenik, baiezkoa adostu genuen, baldintza batzuekin, baina pandemia iritsi zen eta orain arte ezin izan dugu proiektua gauzatu. Abenduan disko berria atera genuen eta orain proiektu honi heldu diogu. Konpromisoa genuen eta horrela egingo dugu.

 

Zer sentitu duzu 40 urte atzera egin eta orduko lan batekin parez pare jartzerakoan? Ondo zaharkitu den diskoa dela uste duzu?

Domekan Senperen egin genuen lehen emanaldia eta diskoa oso gauza interesgarria bilakatu da, baita musikalki ere. Bernardo Atxagarekin eszenatokian egotea, nire taldearekin eta Bixente Martinez eibartarrarekin (gonbidatu egin dugu, bera zelako jatorrizko gitarra-jolea), aurkikuntza izan da niretzat ere. Gure errepertorioan urtero sartu izan dugu ‘Hautsi da anphora’ diskoaren abestiren bat edo beste eta eraldatuak daude, baina beste abesti batzuk taldearekin eguneratzen ibili gara eta perspektiba ikaragarria hartzen dute. Esan beharra dago disko hau bere sasoian ez zela oso popularra izan. Beti izan zituen jarraitzaile sutsuak, baina kopuruan ez ziren gehiegi. Horregatik, nahiko gauza bitxia da, ez gaudelako hizketan arrakasta zabala izan zuen disko bati buruz, baizik eta seguru asko giro bat isladatzen duen disko bati buruz.

 

Diskoa berriz plazaratzeko orduan abestiei beste ukitu bat eman diezue? Eguneratu egin dituzue?

Taldekideei planteatu nien edozein aldaketa egiteko libre ginela, baina nire ustez ona zela sasoi hartako giro hori gordetzea. Orduan, araudi libre horien barruan nahiko toki paralelo batera heldu garela uste dut. Beste sonoritate bat da, eta hainbat kasutan horrela nahi da, gauzak asko aldatu direlako teknikoki. Hala ere, uste dut, eta domekan ikusi genuenagatik berresten dut, giro hartatik oso hurbil gaudela.

 

‘Ruper Ordorika & Mugalaris’ eta Bernardo Atxaga igo zarete eszenatokira. Nolako saioak prestatu dituzue?

Diskoko hamar abestiak bere jatorrizko hurrenkeran aurkezten ditugu emanaldian eta tarteka-tarteka Bernardok iruzkin batzuk egiten ditu, batzuetan kantuei buruz, baina ez beti. Sasoi hartan Bilbon bizi genuen giroa erakusten du.

 

‘Hautsi da anphora’ 1980an kaleratu zenuen eta zure lehen diskoa izan zen. Atxagak, ostera, 1978an argitaratu zuen lehen liburua, ‘Etiopia’, diskoarekin lotura zuzena duena. Harrezkero ibilbide luzea egin duzue eta euskal kulturaren ikur bilakatu zarete. Omenaldi bezala ere balio dezake ikuskizun honek?

Bai, baina ez bakarrik Bernando eta biontzat, baizik eta sasoi hartan elkarrekin ibiltzen ginenontzat: Jose Mari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla, Bixente Martinez... Horrek ematen dio honek eduki dezakeen balioa. Berregiten dabilen zerbait da. Denok jarraitzen dugu gauza berriak argitaratzen eta gure ekina hor dago. Gauza berriak egiten gabiltza, zorionez, eta horrek erakartzen du disko hau honaino, bestela bidean geldituko litzatekeelako. Sasoi hartan askoz ere disko popularragoak zeuden eta Loraldiko jendeak disko honekin zerbait egiteko nahiak harritu egin ninduen. Orain dela egun batzuk Bixentek esaten zidan bezala, “orain dela 43 urte zeinek esango zigun kantu hauek jendaurrean jotzen ibiliko ginela”.

 

Diskoa berriz jendaurrera ekartzea sasoi hartan Bilbon bizi zen giroa gogoratzeko balio duela aipatu duzu, baina nolako giroa bizi zen?

Lagunek eta guk egiten genuena gogoratzeko balio du, Pott-en denborako gauzak, adibidez. Bernardok ‘Etiopia’ liburua kaleratu zuen, nire ustez mugarria euskal literaturan. Batzuetan testuinguruak alderatzeko eskatzen digute, baina guztiz ezinezkoa da. Lagun batek esaten duenez, “sasoi hartan urtebetean publikatzen zen euskaraz gaur egun egun bakarrean argitaratzen dena”. Gaur egun euskarazko hedabideak ditugu (egunkaria, aldizkariak, telebista kateak, irratiak..) eta, zentzu horretan, 40 urtetan biderkatu egin da euskararen presentzia, ez dago konparaziorik. ‘Etiopia’ ia-ia artisautza-lana izan zen. Argitaletxerik gabe, guk argitaratu genuen. Idazmakinaz idatzitako poemak ziren. Gauzak ikaragarri eraldatu dira. Orain, aurrerapenek hobekuntzak ekarri dituzte alor askotan? Hori eztabaidagarria da. Testuinguru hartan euskaldunen %95 analfabetoa zen bere hizkuntzan, nahiz eta orain baino gehiago eta sakonago erabili. Eskolan zebilen mundu guztia gazteleraz edo frantsesez zegoen eskolatua. Pentsa nolako kontestua zen ‘Etiopia’ ateratzeko. Horregatik, horrek areagotu egiten du horren potentzia. Gaur egun ikastoletan edo euskal eskola publikoetan hazitakoek ez dute perspektiba hori, zorionez.

 

Gaur egun beste norbaitek hautsi beharko du anfora?

(Barreak) Bai, seguru. Bernardok gogoeta handia egiten du horren inguruan. Erretorika sentimental baten aurrean aldarria egiten da. Sasoi hartan ‘Etiopiak’ arnas handia ekarri zuen euskal ekoizleentzat, niretzat bai behintzat. Bere poemak irakurri nituenean, “nahiago nuke hau guztia nik idatzi izana” pentsatu nuen, identifikazio handia sentitu nuelako, abestietan ikusten den bezala.

 

Korrika Kulturalaren harira bost emanaldi eskainiko dituzue, baina diskoa ere berriz jarri duzue salgai. Aldaketak ditu?

Diskoak hainbat berredizio izan ditu, baina berriena bira honekin batera etorri da. Pozik nago horrekin ere. Diskoa LP bezala atera zen, gero CDra pasa genuen eta orain remasterizatuta dator. Hala ere, ez du jatorrizko esentzia galtzen.