Sagar-tarta lehiaketaren bigarren edizioa egingo da larunbatean, Sagardo egunaren baitan

Sagar-tarta lehiaketaren bigarren edizioa egingo da larunbatean, Sagardo egunaren baitan
ETA KITTO 2019, Ira 30
Larunbat honetan, urriaren 5ean, ospatuko dugu Sagardo Eguna Eibarren, eta egun horretarako antolatutako ekitaldi desberdinen artean sagar-tarta lehiaketa egingo da aurten ere. Iazkoa lehenengo edizioa izan zen eta sagardo egunaren 25. urtemugarekin  bat etorri zen. Arrakasta itzela izan zuen, 30 sagar-tarta inguru aurkeztu ziren eta aurten berriro egitea erabaki dute eta kitto! Euskara Elkarteko sagardo batzordeko kideek.
Lehiaketa larunbat eguerdian egingo da eta 16 urtetik gorako edozeinek hartu ahal izango du parte. Tartak etxetik ekarri beharko dira prestatuta eta Untzagan aurkeztuko dira (parte-hartzaile bakoitzeko bat) 12:30etik 13:00etara bitartean (tolarearen ondoan). Gutxienez 4 raziokoa izango da. Epaimahaiak aurkezpena, testura eta zaporea hartuko ditu aintzat, eta sariak egunean bertan banatuko dira: 150(1. saria), 100(2. saria) eta 50(3.saria). Epaimahaikideak Mireia Alonso sukaldaria, San Andres gozotegiko Aitor Cano, Ermuko Gorrotxategi gozotegiko Maite Gorrotxategi eta Fernando Mendez (herritarren ordezkari moduan) izango dira. Antolatzaileen esanetan, ” aurkeztutako sagar-tartak …eta kitto! Euskara Elkartearentzat izango dira eta lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzen direla eta epaimahaiaren erabakia onartzen dela esan nahi du“. 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »