Lara Salguero: “Eibar BHI-ko logotipoa egiteko hezkidetzaren koloreak erabili ditut”

Lara Salguero: “Eibar BHI-ko logotipoa egiteko hezkidetzaren koloreak erabili ditut”
2018, Uzt 07

Datorren ikasturtetik aurrera, Eibarko ikastetxe publikoen fusioaren ondorioz sortutako institutuak izen berria, Eibar BHI, eta beste irudi korporatibo bat izango ditu. Institutu berriaren logotipoa aukeratzeko lehiaketa antolatu zuten Itzio BHI, Mogel Isasi eta Ignazio Zuloaga Institutuko ikasleen artean, eta Itzio BHI-ko Lara Salguerok aurkeztutakoa aukeratu dute. Larak 16 urte ditu eta DBHko 4. mailako ikasketak egin ditu aurten.

– Nola animatu zinen lehiaketan parte hartzera?
Niretzat esperientzia guztiz berria izan da. Plastikako ikasgaian irakasleak logotipoa egitea proposatu zigun. Bakoitzak berea egin zuen eta astebete inguru eman genuen gai hau lantzen. Hasieran beste gauza bat egin nuen, baina ez nintzen gustora gelditu, gehiegi kargatuta gelditzen zela iruditu zitzaidan. Azken momentuan zerbait desberdina egitea pentsatu nuen eta hau irten zitzaidan, sinpleagoa, baina, aldi berean, indartsuagoa eta zuzenagoa.

– Pozik gelditu zinen, beraz, emaitzarekin.
Bai, oso gustora eta are gehiago lehiaketa irabazi nuela jakin nuenean. Nire ikaskideak ere asko poztu ziren, gure ikastetxeko norbaitek irabaztea denontzako oso pozgarria izan zen, baita irakasleentzako ere. Koadro bat oparitu zidaten logotipoarekin eta bertso batekin eta oso hunkigarria izan zen.

– Diseinu edo marrazketa lanetan ibilitakoa zara?
Ez, baina tipografia mota desberdinekin esperimentatzea asko gustatzen zait. Logotiporako letra moderno bat aukeratu dut. Eta triangeluekin ikastetxe desberdinen bateratzea adierazi nahi izan dut, hezkidetzako koloreak erabilita. – Nolakoa izan da logotipoa aukeratzeko prozesua? Lehiaketan Institutu publikoetako ikasleek hartu dugu parte. Finalista moduan 4 aukeratu ziren, eta hezkuntza komunitate osoak hartu du parte erabakian: gurasoak, ikasleak eta irakasleak. Gutun bat bidali zen etxeetara 4 logotipoen artean aukeratu ahal izateko.

– DBH amaitu duzu aurten eta hurrengo ikasturtean Batxilergoarekin hasiko zara. Nola joan zaizu ikasturtea?
Oso ondo! DBHko 3. eta 4. mailak Itzion egin ditut, eta oso pozik egon naiz nire ikaskideekin. Primeran pasatu dut, eta Itzioko irakasleak ere zoragarriak izan dira. Oso irakasle onak daudela esan beharra daukat

Logotipoa Eibar BHI

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »