Mankomunitateak kaleak garbitzeko zerbitzuak indartu zituen 2020an, pandemiaren ondorioz sortutako beharrei erantzuteko

Mankomunitateak kaleak garbitzeko zerbitzuak indartu zituen 2020an, pandemiaren ondorioz sortutako beharrei erantzuteko
2021/01/21 10:48
eta kitto!
Eskualdeko udalekin adostutakoa jarraituz, egunero 12 langile egon ziren herri bakoitzeko lekurik erabilienak desinfektatzeko lanak egiten. 3.016 euroko kostua izan zuen kaleak desinfektatzeko erabilitako materialak. 

Egindako zerbitzuen artean, besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira:  alarma-egoeran gauez edukiontzi-uharte guztiak desinfektatzeko zerbitzue ezarri zen, pedalak jarri diren edukiontzietan errefusa eta organikokoak ireki ziren edonolako kontaktua saihesteko, eta tamaina handiko hondakinen bilketa kutxa irekiko kamioneta batekin indartu zen.

2020ko osasun-krisiaren ondorioz, eremu publikoen desinfekzioa handitzeko beharra sortu zen, eta, horretarako, Mankomunitatearen giza baliabideen berrantolaketa eta materialen gehikuntza behar izan ziren, langileen ohiko lana indartzeko. Eskualdeko udalekin modu eraginkorrean koordinatuta, helburuak bete dira: espazio publiko garbia, desinfektatua eta segurua bermatzea.

Alarma-egoeraren asterik gogorrenetan, Mankomunitateko langile talde batek edukiontzien irlak desinfektatzen zituen, udalerri guztietan ezarri zen gaueko zerbitzu baten bidez. Kaleak eta edukiontzien irlak desinfektatzeko 648kg sodio hipoklorito erabili dira, (desinfektatzaile purua), uretan disolbatuta guztira 9.257 litro. Hondakinak biltzeko eta kaleak garbitzeko langile guztiei norbera babesteko ekipamenduak (NBE) eman zitzaizkien, laneko orduetan eta eremuetan kutsatzea saihesteko. Ordutegiak ere aldatu ziren, langileen arteko kontaktua ahalik eta gehien saihesteko.

Mankomunitateak, herritar guztiek bezala, egoera berrira egokitu behar izan du pandemiak sortutako erronken aurrean, kale-garbiketari eta hondakin-bilketari dagokienez, besteak beste.