Mendia eta kultura uztartuko dituzte Udaberriko Euskal Jaian

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Mendia eta kultura uztartuko dituzte Udaberriko Euskal Jaian
ETA KITTO 2021, Api 09

Herriko eragileek formula berriak bilatu behar izan dituzte egoera berezi honetan ekintzak aurrera eramateko. Iaz ez genuen Euskal Jaiaz gozatzeko aukerarik izan, baina Klub Deportiboak bide berria aurkitu du aurten beste modu batean ospatzeko eta egitarau berezia prestatu du apirilerako, mendiarekin eta kulturarekin zerikusia duten ekintzak uztartuz.

 

Klub Deportiboak kulturaz eta kirolaz gozatzeko plana antolatu du Udaberriko Euskal Jaian. Euren berbetan, “aire zabalean eta neurriak hartuta modu seguruan” egiteko ekintzak izango dira, pandemiak eragindako egoerara moldatuta. “Klub Deportiboaren berezko ezaugarriak ―kirola eta kultura batzea― biltzen dira proposamen honetan, eta hain zuzen ere Deportiboko hiru batzordek (Euskal Jaia antolatzen duen Kultura batzordeak, Mendi taldeak eta Kezka dantza taldeak) hartu dute parte programaren prestaketan”, Deporrekoek diotenez.

Saioak datorren astean egingo dira, hilaren 14an eta 18an, eta Deporrekoek jardueren argibide zehatzak eman dituzte. Hala ere, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz aldaketak gerta litezke programan.

Eguaztenean, 19:00etan, emango zaio hasiera Udaberriko Euskal Jaiari, ‘Jantzari. Tradizioa eta parekidetasuna’ dokumentalarekin. Iurreta dantza talde nagusia osatzen dute zortzi neska-mutil dira dokumentalaren protagonistak eta Urrixena jaialdiaren inguruan bizitakoaren berri ematen dute. Dokumentala Kezka garajean emango dute, Bista Eder kaleko 12. zenbakian, eta lanaren egileekin solasaldia egingo da. Aforoa mugatua izango da eta sarrerak dohain emango badira, ere, kezka@dantzan.eus helbidean egin beharko da erreserba.

 

Ibilaldia eta musika 28an

Hilaren 28an saio bikoitza izango dugu. Goizeko 09:00etan mendi-buelta kulturala hasiko dute herriko kaleetatik eta, Akondia eta Aizketa gainetatik pasa ondoren, Arratera iritsiko dira. Ibilbidea lau laguneko taldeetan egin beharko dute, taldeen arteko tarteari eutsiz, eta parte hartu ahal izateko Deporren eman beharko da izena martitzenetan edo eguenetan 19:30etik 20:30era.

Deporreko Mendi Batzordekoen berbetan, “eibartarrontzat eta inguruko natura eta mendi-zaleentzat oso ezaguna eta maitea den ingurunean egingo da, hain ezagunak ez diren bideak ezagutzeko aukera ere eskainiz. Urkizutik abiatuta Santa Kurutzetik, Usartzatik, Akondiatik eta Aizketatik pasata iritsiko gara Arratera, eta sorpresak izan daitezke puntu horietako batzuetan”.

Mendizaleak Arraten daudela, 13:30ean, ‘Euskal Barrokesemble’ taldeak kontzertua eskainiko du Arrateko elizan. Antzinako musika egiten du Enrique Solinís musikariak sortutako talde bilbotarrak.

Elizako aforoa %46ra mugatu dute eta 100 lagun sartu ahal izango dira. Sarreren prezioa 5 euroko izango da eta Deporreko tabernan erosi ahal izango dira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »