Minbiziaren kontrako elkarteak erretzeari lagatzeko taldea osatuko du Eibarren

Minbiziaren kontrako elkarteak erretzeari lagatzeko taldea osatuko du Eibarren
2019/01/28 eta kitto!
Gipuzkoako AECC Minbiziaren Aurkako Elkartearen Debabarreneko Batzordeak erretzeari uzteko laguntza-terapiarako taldea antolatu du Eibarren eta tabakismoan aditua den psikologo batek zuzenduko du. Saioak doakoak izango dira eta ez da beharrezkoa izango erakundeko bazkide izatea horietan parte hartzeko. Ordutegiak taldekideen arabera zehaztuko dira. Taldean parte hartzeko interesa dutenek informazio gehiago eska dezakete 943 20 24 94 telefono-zenbakian, edo Eibarko Ardanza kaleko 11. zenbakian dagoen egoitzara joateko aukera dute.
Minbiziaren kontrako elkartearen arabera 2018an, Gipuzkoako 91 pertsonek erabili zuten zerbitzua eta hamarretik seik arrakastarekin amaitu zuen prozesua. Zehatzago esanda, pazienteen % 62k lortu zuen erretzeari uztea terapia honen laguntzari esker.
Maider Sierra AECC Gipuzkoako psikologo eta prebentzio arloko arduradunaren hitzetan, “arrakasta, azken batean, pertsona bakoitzaren araberakoa den arren, frogatuta dago kanpoko laguntza profesionala jasotzeak asko handitzen dituela erretzeari uzteko garaian arrakasta izateko aukerak”.
Gainera, AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak gogorarazi duenez, mugikorretarako aplikazio bat eskuragarri dago. ‘RespirApp’ du izena eta oraindik erretzen duten herritarrei tabakoa uzten laguntzeko baliagarria da. AECCren Minbiziaren Behatokiaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den herritarren % 78 ez-erretzailea edo erretzaile ohia den arren, oraindik ere % 22k erretzen jarraitzen du. Datu horien arabera, agerikoa da azken 5 urteotan erretzaileen beheranzko joera, 2009. urtean erretzaileen datua % 34 ingurukoa baitzen.