Nerea Uria eta Ilazki Gainza: “Ez gara konturatzen baina zaintza barik ezingo ginateke bizi”

Nerea Uria eta Ilazki Gainza: “Ez gara konturatzen baina zaintza barik ezingo ginateke bizi”
ETA KITTO 2019, Mar 01

Martitzenean aurkeztu zuten “Emariak, emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenen bilduma” izenburuko liburua  Arrate Kultur Elkartearen Topalekuan Ilazki Gainza eta Nerea Uria lanaren egileek. Emakumeek historian zehar izan dituzten ekarpenen bilduma osatu dute liburuan: 12 emakumeren biografia laburrak bildu eta ilustrazio bidez lagundu dituzte. Liburuaren aurkezpena egitearekin batera, lanaren inguruko erakusketa zabaldu zuten. Martxoaren 8ra arte egongo da ikustera joateko aukera.

– Nolatan sortu duzue “Emariak” liburua?

Gu Kalaka moduan sortu ginenetik kooperatiba txiki bat gara eta hasieratik oinarrian bi ardatz izan ditugu: komunikazioa eta feminismoa. Lau urte bete ditugu aurten eta bezeroek eskatzen dizkiguten lanetan ikuspegi hori txertatzen beti ahalegindu bagara ere, zuzenean hori lantzen ibili eta gero, emaitza aurten atera dugun liburua izan da. Genero berdintasuna eta horren inguruko sentsibilizazioa lantzeko materialarekin osatutako lana da, zehazki emakume erreferenteen hutsunea identifikatu genuen eta hori landu dugu.

– Sarritan entzuten dugu liburu eta bestelakoetan emakumeak gizonezkoak baino askoz gutxiago agertzen direla eta zuen arabera gizonen presentzia %75ekoa da…

Liburuetan, filmeetan eta denean gertatzen da hori. Eta ez da idatzi gizonek bakarrik idazten dutelako, edo ikertu bakarrik gizonek ikertzen dutelako, baizik eta emakumeen ekarpen horiek ixilarazi, zapaldu eta alboratu egiten direlako. Orain testu liburuak ikertzen dihardugu eta horietan ere zoritxarrez horrelako datuak atera daitezke.

– Horrelako alde handia ez da kasualitatearen ondorioa izango ba.

Gainera ez du esan nahi emakumeak agertzen diren %25 horretan emakumeak protagonista direnik, askotan ere bigarren mailako pertsonaia modura azaltzen dira, ez ekarpen bat egin dutelako edo izaera propioa dutelako. Adibidez, gure liburuan agertzen den emakumeetako bat Alice Guy da.  Lehen zine zuzendarietako bat izan zen mundu mailan, produkzioa ere asko landu zuen eta zine estudio bat ere sortu zuen, frantsesa da baina Estatu Batuetan lan asko egin zuen. Ba Frantziara bueltatu eta bere lanak bildu nahi izan zituenean, pelikula guztiak zeuden bere lankide izandako gizonen baten izenean. Hori galdu egin du, beraz. Hor badago pertsona horrek egindako lan guztia ixildu eta zapaltzeko ekintza bat, ez da kasualitatez pelikula guzti horiek erre egin direla.

– Zeren arabera aukeratu dituzue liburuan agertzen diren emakume horiek?

Irizpide ezberdinak izan ditugu esku artean eta azkenean lehentasunak ere ezarri behar izan ditugu. Hasteko, lehenetsi dugu ezezagunak izatea, zorionez badaudelako ezagunak diren beste asko. Beste irizpide bat izan da Euskal Herrikoak eta nazioartekoak uztartzea. Eta beste bat lurralde eta garai ezberdinetakoak izatea. Hor ere ezberdina delako II. mendekoa izatea edo XXI. mendekoa, aukerak eta zailtasunak ezberdinak dira. Ahalegindu gara denari aniztasun bat ematen. Bestalde, izen propio horietatik haratago feminismoa kolektiboa ere bada. Horregatik bi kolektibo esanguratsu ekarri ditugu liburura. Batetik etxean lan egiten duten emakume guztiak eta bestetik sufragisten kolektiboa, nazioarteko borrokaren adibide modura. Horrekin batera, ahalegindu gara maskulinizatuta dauden alorretako emakumeak topatzen, injeniaritzan, kimikan, zinean… horiek bistaratzeko ahalegina egin dugu.

– Ezkutuan eta zapalduta dagoen lanik bada, hori etxe barruan emakumeek egiten dutena da. Nola jaso duzue hori?

Hausnarketatik abiatu gara. Liburuaren hitzaurrea eta lehen biografia eurena da eta helburu nagusia hori da, historian zehar herrialde, garai desberdinetan beti hor egon diren emakumeak izan direlako, gizonek ez dutelako horrelako lanik egin eta baztertu behar izan dituztelako bere amets, proiektu eta bestelakoak giza eskubide oinarrizkoena, hau da, zaintza ziurtatzeko. Ez gara konturatzen baina zaintza barik ezingo ginateke bizi, azkenean jateko erosketa batzuk egin behar dira, janaria prestatu egin behar da eta horiek ez dira bakarrik egiten, norbait egon behar da hori egiten eta etxetik kanpo pasatzen badugu egun osoa nork egiten du hori? Ba beti izaten dira etxean egoten diren ama, amonak…  Ekonomikoki zein sozialki baloratzen ez diren lanak dira eta horrela gure omenalditxoa egin nahi izan diegu.

– Zergatik da horren garrantzitsua emakume erreferentak izatea?

Azken batean bizitzako edozein alorretan gizon eta emakume erreferenteak kopuru aldetik berdintsuak izanez gero, norberak txikitatik bata edo bestea ez da gutxiesten. Baina eskolan jasotzen denaren %75 bakarrik gizonezkoak badira, normala da gutxiengo diren emakumeak gutxiestea eta, gainera, gizonak sentitzea gehiago direla, hala transmititu dutelako. Horregatik da garrantzitsua parekatzea eta baloratzea emakumeek egin dituzten gauzak, egin dituztelako eta ez ditugulako ezagutzen. Elkarren arteko tratua osasuntsuagoa litzateke horrela. Orain dela aste batzuk lauzpabost urteko neska batek Ingalaterran amari mutila izan nahi zuela esan zion eta, zergatik galdetu zionean, neskak erantzun zion suhiltzaile izan nahi zuelako. Hori ez da bera mutil sentitzen delako, baizik eta berak helburu moduan duen lan horretan ez duelako emakumerik irudikatzen, erreferenterik ez duelako. Albistea zabaltzearekin batera kanpaina bat abiatu zen eta mundu osoko emakume suhiltzaileek neska horri idatzi zioten, erakusteko neska izanda ere posible dela suhiltzaile izatea. Adibide horretan ikusten da erreferenteak izatearen garrantzia.

emariak_ilazki gainza+nerea uria00

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »