Alkateak agintaldiko lehen urtea positiboki baloratu du

Alkateak agintaldiko lehen urtea positiboki baloratu du
2012/05/25 00:00
eta kitto!

Miguel de los Toyos alkateak agintaldiko lehen urtearen inguruan egiten duen irakurketa eman du ezagutzera gaur goizean. Orohar modu positiboan baloratu du azken hileotan egindako beharra eta, krisiak gogor astintzen diharduen arren, udalak "egonkortasuna" lortu duela azpimarratu du eta, aurrekontuan egin beharreko murrizketa guztien gainetik "herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak ez ahultzea edo kaltetzea" lortzeari ere aparteko garrantzia eman nahi izan dio agerraldian. Hala ere, "krisiak udalaren kudeaketa-gaitasunari oso modu berezian eragiten diola" onartu du.
Egoera ekonomikoaren aurrean hartu zuten neurririk berehalakoena Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza udal batzorde berria sortzea izan zela azaldu du “Udalak ahal duen neurrian krisiari aurre egiteko baliabide eta bestelakoak lantzeko".
Alkateak lorpen haunditzat dauka "herritarren parte-hartzeari eman zaion bultzada, auzoz auzoko bilerak berreskuratuta". Bileretan 900 lagunek hartu zuten parte eta 420 bat proposamen jaso zituzten.
Administrazio publikoen "inbertsio gaitasun apurrarekin" ekintza esanguratsuak burutu direla ere esan du, besteak beste "saihesbidearen hirugarren fasea martxan jarri izana, Erisonoko polo teknologikoan egindako aurrerapenak eta Ospitala egiteko emandako pauso garrantzitsuak" gogora ekarrita.
Irisgarritasun proiektu batzuk ere amaitu direla gogoratu du: "Barrena, Barakaldo eta Wenceslao Orbea kaleetako igogailu publikoak eta Mogeleko eskailera mekanikoak. Etxebizitzaren alorrean Asolaigartzako 84 Babes Ofizialeko etxebizitzak entregatu dira; Iparragirren beste 42 zozketatu dira". Gainera, laster Amaña Otaola hiribidearekin elkartzeko pasabidea egiten eta Estaziño kalea birmoldatzeko beharrak hasiko dituztela aurreratu du.