IMESAk ia milioi bat euro galdu dituela salatu du Bilduk

IMESAk ia milioi bat euro galdu dituela salatu du Bilduk
2013/01/15 00:00
eta kitto!

IMESAko Administrazio Kontseiluan parte hartzen duten Bilduko kompromisarioek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean (martitzena, hilak 15), IMESAren Administrazio Kontseiluaren azken bileraren inguruko balorazio publikoa egiteko. Agerraldian azaldu dutenez, 2004az geroztik IMESAk 900.000 euro galdu ditu, "urte horretan burututako 'swap' izeneko finantza eragiketa arriksutsu eta arduragabearen ondorioz".
Prentsaurrekoan azaldutakoari jarraituta, "udal hauteskundeak geroztik, hemen gauden hiru lagunok aipaturiko kontseiluan Bildu ordezkatzen dugu. Izan ere, IMESAren akziodunen batzar orokorra udalbatzako kideok osatzen dugu eta presidentea alkatea da. IMESA, Eibarko udalak eratu zuen eta bere kapital guztia publikoa da. Enpresa hau sortzearen arrazoi nagusia, merkatuaren eta erregimen juridikoaren arabera merkeak ziren etxebizitzen eraikuntza eta promozioa kudeatzea zen hauen horniduren kudeaketaz ere arduratuko zelarik. Beraz enpresa guztiz publikoa da".
Azaroaren 22an izan zuten Kontseiluaren azken bilera eta Bilduko ordezkariek orduan jakin zuten, IMESAk Santander Bankuaren kontrako eragiketa judizialak martxan jartzeko abokatu enpresa kontratatzeko asmoa zuela: "Abokatuen enpresa honek aukera eta kostuen inguruko txosten bat ere aurkeztu zigun. Modu honetan IMESAK 2004. urtean Santander Bankuarekin sinatutako intereseko permuta finantzariozko kontratuen baliogabetasuna bilatzen zuen. Bildu Administrazio Kontseilura ailegatu zenetik 3 bilera izan ditugu, baina azken bilera honetan izan zuen kontseiluak (eta guk) lehenbiziz guzti honen berri. Abokatuen txostenaren bitartez jakin dugunagatik, IMESAk 2004ko urrian eta 2005eko otsaila eta martxoan permuta finantzarioko 3 kontratu sinatu zituen Santander Bankuarekin, 8 milioi euroko kostupean. Interes tipo altuko produktu finantzario hauek SWA Pizenagatik ezagutzen dira eta arrisku handiko produktuak dira, irabazi zein galera handiak ekar baititzakete".
Bildukoen berbetan, "kontratu horrek momentu honetan IMESAren kontrako 900.000 euroko emaitza eman du eta galera horri kontratuaren baliogabetasuna lortzeko kontratatu den abokatuen minuta gehitu behar zaio, hau da 42.300 euro. Kontuan hartzeko moduko kopuruaz dihardugu, beraz. Jaso dugun informazioaren arabera, erabaki hau Administrazio Kontseiluaren iritzia kontuan izan gabe hartu zen 2004. urtean. Gure ustez IMESA eta Santander Bankuaren arteko akordio hau ezkutatzeko intentzio argia egon zen. Bonoloto edo loteriara jokatu izan balute bezala da".
Salatu dutenez, "gure ustez ez da posible horrelako eragiketa bat 8 urtez ezkutuan izatea eta soilik Santander Bankuaren aurkako eragiketak egiteko Kontseiluaren onespena behar denean gaia mahai gainera ekartzea. Horrelako produktu finantzario bat Administrazio Kontseiluan aurkeztu eta bertan baloratu beharko litzateke. Diru publikoarekin interes tipoen eboluzioaren gainean egindako apustu baten aurrean gaude eta, apustu guztietan gertatzen den moduan, irabazi edo galdu egin daiteke. SWAPetan inbertitzeak izaera guztiz espekulatiboa du eta gure kasuan gainbehera ekonomiko handia eragin du".
Gauzak horrela, EH Bilduk eragiketa espekulatiboekiko duen kontrako jarrera argi laga nahi du, "horrelako eragiketetan diru publikoa arriskuan ipintzen delako. 2004an IMESA Iñaki Arriolak zuzentzen zuenean joko finantzarioetan aritu ziren. Gure iritziz, IMESAren bazkide bakarra Udala izatean, eragiketa guzti hauetan ardura politikoak ere badaude eta ezin dira saihestu. Kasu honetan diru publikoa pribatua bailitzan erabili da, horrela Santander Bankuaren diru kutxa handituz eta udal diru kutxa gutxituz".
Horregatik, Bilduko kontseilariek gaur bertan ofizialki sarrera eman diote Iñaki Arriola IMESAko hurrengo Administrazio Kontseiluan azaltzearen eskariari.