NANaren eta pasaportearen bulegoak egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu du EAJ-PNVk

NANaren eta pasaportearen bulegoak egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu du EAJ-PNVk
2023/05/02 17:23
eta kitto!
Josu Mendicute Eibarko EAJ-PNV taldeko bozeramaileak NANaren eta Pasaportearen Bulegoa Eibarren egoteak duen garrantzia azpimarratu zuen barixakuan emandako prentsaurrekoan: “Bulegoak urtetik urtera dokumentu gehiago izapidetu ditu, eta 2023koa ere oso datu onak izaten ari da. Eta hori horrela da Eibarren kokapen estrategikoagatik eta bulegoko langileak beraien lana oso ondo egiten ari direlako. Oso pozik gaude bulego hori udaletxean dugulako”.

Gogora ekarri zuenez, NANaren eta Pasaportearen Bulegoaren irekiera 2016ko maiatzean iragarri zuten Eibarko EAJ-PNV udal taldeak eta Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak, udaleko eta Gorte Nagusietako ordezkari jeltzaleek bi urtez elkarrekin lan egin ondoren. Mendicuteren berbetan, “2015eko azaroan mozio bat aurkeztu genion osoko bilkurari, eta adostasun zabalarekin onartu zen. Hori erabakigarria izan zen Madrilgo talde parlamentarioak Gobernuarekin zituen negoziazioetan bultza zezan”.

Mendicutek emandako datuen arabera, EAJ-PNVk aurreko legealdian lortutako NANa eta pasaportea izapidetzeko bulegoak 48 udalerritako 350.000 bat biztanleri ematen die zerbitzua eta, 2018ko urtarrilean zabaldu zenetik, 55.762 dokumentu, 48.716 nortasun-agiri eta 7.046 pasaporte izapidetu ditu guztira. Jeltzalearen berbetan, “NANaren bulegoa berreskuratzea da EAJren lanaren adibidea, Eibarrek erakargarritasuna berreskuratzeko”.