Udal taldeek Eibar FT-ri babesa erakutsi diote partidu erabakigarrien aurrean

Udal taldeek Eibar FT-ri babesa erakutsi diote partidu erabakigarrien aurrean
2021/04/22 eta kitto!
Eibar FT-k bolada makala bizi du Lehen Mailan eta garrantzi handiko partiduak jokatuko ditu egun hauetan, mailari eusteko erabakigarriak izango direnak. Taldeari babesa erakusteko asmoz, Udaleko alderdiek klubaren kamiseta eta bufandarekin argazkia egin dute gaur goizean, eta herriko eragile sozialak, enpresak eta herritarrak animatu nahi dituzte Eibarren aldeko olatu honekin bat egin dezaten. “Aste hauetan Lehen Mailan jarraitu eta Bigarren Mailara jaitsi dago jokoan”, diote.

Udal taldeek atzoko Bozeramaileen Batzordean aho batez erabaki zuten Eibar FT-ri babesa ematea, eta honako gutuna igorri dute:

“Eibarko Udalak Eibar taldea babesteko kanpaina egingo du datozen egunetan, Bozeramaileen Batzordeak ahobatez erabaki baitzuen futbol-taldearekiko maitasun-sentimendua agerian uzteko hainbat ekintza egitea.

Jon Iraola alkateak, Klubaren ordezkariek laguntza eskatu ondoren, bozeramaileei proposatu die hurrengo egunetan Eibarko taldearen bandera udaletxearen erdiko balkoian jartzea, Eibarko udaletxearen lekurik enblematikoena delako, eta alkateak eta udal talde bakoitzeko bozeramaileek argazkia ateratzea SD Eibarren kamisetarekin jantzita, klubaren alde daudela adierazteko.

Egun hauetan oso garrantzitsua da laguntza hori; izan ere, taldeak partidu erabakigarriak jokatuko baititu Lehen Mailan jarraitzeko edo Bigarren Mailara jaisteko. Horregatik, Eibarko Udalak gonbit egiten die herritarrei eta hiriko eragile sozial, kultural eta ekonomikoei Eibarko futbol-taldearekin bat egin dezaten”.

Udal taldeak Eibar FT babesten087