Udako zine emanaldiekin girotuko dituzte abuztuko lehen lau eguenetako gauak

Udako zine emanaldiekin girotuko dituzte abuztuko lehen lau eguenetako gauak
2018/07/25 eta kitto!
Urte batzuetako etenaldia eta gero, iaz berriz heldu zieten udako zine emanaldiei Udaleko Kultura sailekoek. Abuztuan Eibarren geratzen den jendeak asko eskertzen duen jarduera da, are gehiago kontua hartzen badugu Coliseoan ez dela zinerik proiektatuko irailaren erdialdera arte. Gainera, urteko sasoi honetan, eta auzoetako jaiak agurtu ondoren, urtean zehar herrian izaten dugun kultur ekitaldien eskaintza ia ia desagertu egiten denez, herritarren aisialdia betetzeko aukerak nabarmen murrizten dira. Gauzak horrela, eta iaz Untzagan proiektatu zituzten filmek oso harrera ona izan zutela ikusita, aurten ere udako zinea antolatuko dute Kultura sailekoek.

Iaz egindakoari jarraituta, aurten ere Bizkaiko Servifilms enpresaren eskutik izango dira zine emanaldiak eta Udalak 6.000 euro inguru bideratu ditu horretara, filmak proiektatzeko eskubideak barne. Aurtengo egitaraua lau pelikulak osatzen dute: horietako bi euskeraz emango dituzte eta beste biak, berriz, gazteleraz. Euskerazkoen kasuan, film biak animaziozkoak izango dira eta gazteleraz emango dituzten beste biak, berriz, sari ugari jaso dituzten pelikulak dira.

Udako zine emanaldiak eskaintzen hasi zirenetik gaur arte, urte batetik bestera gorabeherak izan ohi dira publikoaren harrerari begira. Hala ere, garairik okerrena 2012. urtean izan zen, krisi ekonomikoarekin batera ailegatu ziren aurrekontuaren murrizketen ondorioz, ordura arte Udalak eta Ego Ibar zineklubekoek elkarlanean antolatzen zituzten udako zine emanaldiak bertan behera laga behar izan zituzten eta. Iazko erantzunarekin pozik daude, baina: batazbeste 125 ikusle izan zituzten iaz emandako pelikulek eta, jende gehien batu zen egunean, 160 ikusle izatera ailegatu ziren. Eguraldiak ere zeresan handia dauka jendea animatzeko orduan, euriarekin jende gutxiago ibiltzen da eta.

Iaz bezala, proiekzioak Untzaga plazan, harmailen aldean egingo dituzte eta, horretarako, pantaila-puzgarri handi bat erabiliko dute arduradunek. Horrela, besteak beste, ikustera joango den jendearentzat aulkiak ipintzeko beharrik ez dago, ikusleek harmailetan jarrita ikusteko aukera dute eta. Eta, euria eginez gero, emanaldiak lehen egiten zituzten bezala, udaletxeko arkupeetan eskainiko dituzte. Kulturatik adierazi dutenez, “iaz arkupeetan egindako emanaldietara joandakoak kiratsarekin kexatu egin ziren. Aurten, baina, ez da horrelakorik gertatuko, kexak kontuan hartu eta garbiketari arreta berezia eskainiko diogulako”. Pelikulak ikusteko “sarrera”, jakina, doan izango da.

Abuztuko lehen lau eguenetan emango dituzte pelikulak, 22:30ean hasita. Euskeraz ikusi ahal izango diren "Ballerina" eta "Batman Lego" filmak Zineuskadi elkarteak sustatzen duen Zinema Euskaraz programari zor dizkiogu, itzulpena egitasmo horri lotuta dagoelako. Iazko urtarrilean estreinatu zuten "Ballerina" filma euskeraz. Azken urteotan Europan egin den animaziozko koprodukziorik handienetakoa da, eta orain arte estreinatu den herrialdeetan "izugarrizko arrakasta" izan du. Dantzari izan nahi duen neskatila batek Parisen biziko dituen abentura zirraragarriak ekarriko dituen filma da. Eta "Batman Lego" filmaren euskerazko bertsioa ere iazko otsailean estreinatu zuten. Pelikula hori ere beste ekoizpen handi bat da, kasu honetan, Warner Bros Pictures etxeak ekoitzia. Superheroien munduan murgiltzen da, aurrekari duen "Lego" filmak ematen dion bermea horretarako baliatuta. Zinema Euskaraz programa "urrats kuantitatibo eta kualitatiboak" ematen ari da azken urteotan eta, arduradunen berbetan, "geroz eta gehiago dira euskarara bikoizten diren filmak, eta ez hori bakarrik, bikoizten diren filma horien kalitateak ere gora egin du nabarmen".
1067 barru

ABUZTUAK 2

“Ballerina” (Frantzia, Kanada, 2017)

90 min. Animazioa, euskeraz.

Zuzendaritza: Eric Summer, Eric Warin.

1879. urtea da. Bere gurasoak galdu ondoren, Felicia Bretainian umezurztegi batean bizi den neskatxo bat da. Bere pasioa dantza da, eta bere ametsa dantzari profesionala izatea. Ametsa egi bihurtzeko bidean Victor bere adiskidearen laguntza izango du eta, horrela, umezurtz-etxetik ihes egitea lortzen du. Parisera ailegatzen da eta han beste pertsona baten identitatea hartzen du, Grand Opera House-en sartu ahal izateko eta horrela horrenbeste desio duen ametsa betetzea lortzeko.

ABUZTUAK 9

“Verano 1993” (Espainia, 2017).

97 min.
 Drama

Zuzendaritza: Carla Simón.

Antzezleak: Laia Artigas, Bruna Cusi, David Verdaguer, María Paula Robles, Paula Blanco, Etna Campillo, Jordi Figueras.

1993. urtean girotuta dagoen filma Fridaren bizitzan oinarritzen da. Frida 6 urteko haurra da. Ama hil zaio eta, beraz, umezurtz geratu da. Bere osabaren familiak adoptatu ondoren, amaren oroitzapenaren tristurari aurre egin beharko dio Fridak, guraso berriekin maitatua sentitzeko zailtasunak erakusten dituen bidaia batean. Hautzaroari eta horren galera tragikoari aurre egiteari buruzko gogoetara bultzatzen du pelikulak.

ABUZTUAK 16

“Batman Lego” (AEB, 2017)

104 min. Animazioa, euskeraz.

Zuzendaritza: Chris McKay

2014. urtean iritsi zen 'La LEGO película'-ren arrakasta handiari esker animazioaren arloan ateak zabaldu egin zitzaizkion LEGOren unibertsoari. Izan ere, animazio-film onenaren izendapena izan zuen Oscar sarietan. Batman Lego serieko azken filmean Batgirl, Robin, Joker eta Alfred bezalako Batman sagako pertsonaiak agertzen dira. Ralph Fiennes, Rosario Dawson, Michael Cera eta Zach Galifianakis aktoreen ahotsak eta baita Mariah Carey abeslariarena ere aurkituko ditugu. Modu horretan, LEGOren unibertso zinematografikoa hedatu egiten da, 'Batman vs Superman: El amanecer de la justicia' edo 'Escuadrón Suicida' filmei esker DV Cómics-ek izan duen oihartzuna apretxatuz. 

ABUZTUAK 23

“La ciudad de las estrellas La La Land” (AEB, 2016)

127 min. Musikala

Zuzendaritza: Damien Chazelle.

Antzezleak: Emma Stone, Ryan Gosling, John Legend, Rosemari Dewitt, J. K. Simmons, Finn Wittrock, Sonoya Minuzo.

Mia (Emma Stone) Hollywoodera ailegatzeko ametsa duen milaka aktoreetako bat da. Sebastian (Ryan Gosling) bigarren mailako eszenatokietan ibiltzen den pianojolea da, jazzari tributoa eskainiko dion taberna bat montatzeko ametsari eusten dion bitartean. Bata eta bestearen bideek behin baino gehiagotan egingo dute bat, azkenean bien arteko maitasuna sortzen den arte. Harreman honek hasieran euren nahiak indartu eta, ondoren, zalantzan jarriko ditu.