Eibar Memoria Demokratikoaren Leku izendatu dute, II. Errepublikaren 95. urteurrenean
'Eibarko Hiria' ofizialki Memoria Demokratikoaren Leku izendatu dute gaur, apirilaren 14an, II. Errepublikaren aldarrikapenaren 95. urteurrenarekin bat eginez. Ekitaldi instituzionala Untzaga plazan egin da, herritar ugariren eta erakundeetako ordezkarien parte-hartzearekin.
Bertan, Espainiako Gobernuak emandako izendapena egiaztatzen duen plaka agerian utzi dute, duela 95 urte Eibarrek historian izan zuen papera gogora ekarriz. Izan ere, 1931ko apirilaren 14ko goizaldean II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen udalerria izan zen Eibar, eta horregatik jaso du orain aitortza instituzional hau. Ekitaldia Untzaga plazan egin da, garai hartan Alfonso XIII.aren plaza izatetik Errepublika plaza izatera igaro zen lekuan.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Espainiako Gobernuko ordezkariak, tartean Pablo Bustinduy Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren ministroa, baita Jon Iraola Eibarko alkatea, Arritxu Marañon Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordea eta Fernando Martínez Memoria Demokratikoko estatu-idazkaria ere.
Hitzartzeetan askatasunaren, demokraziaren eta memoria historikoaren aldeko mezuak nabarmendu dira, eta gaur egungo testuinguruan balio horiek defendatzearen garrantzia azpimarratu dute. Bustinduyk adierazi duenez, memoria “ez da iraganari bakarrik lotutako kontua, orainean ere eragina duena baizik”, eta gerren eta autoritarismoaren aurrean jarrera aktiboa izateko deia egin du.
Ekitaldi honekin, Eibarko Udalak hasiera eman dio II. Errepublikaren 95. urteurrenaren harira antolatutako egitarauari. Jarduera sorta hori Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean prestatu dute, memoria historikoa berreskuratu eta herritarren artean zabaltzeko helburuarekin.