Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata 1.500 euroan ezartzeko greba orokorra deitu dute martxoaren 17rako
Hego Euskal Herrian 1.500 euro gordineko gutxieneko soldata propioa ezartzeko helburuarekin, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokorra deitu dute martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian. Espainiako Estatuan gutxieneko soldata 1.184 eurokoa da eta, 1.500 eurora igotzeko, diferentzia Nafarroako eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernuek jartzea proposatzen dute. Beraz, ‘LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) hemen erabaki’ goiburua erabiliko dute grebarako.
Grebaren deialdia egin duten sindikatuek prentsaurrekoa eskaini dute Untzagan gaur arratsaldea, otsailak 25, eta grebarako arrazoiak zeintzuk diren jakinarazi dute. Egungo gutxieneko soldata nahikoa ez dela salatu dute, bizi-kostuaren igoerak langile askoren egoera zaildu duelako. “Bizitza garestitu egin da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke”, diote.
Datu batzuk mahai gainean jartzeagatik, gaur egun 307.000 langilek 1.500 euro baino gutxiago kobratzen dute (gehienak emakumeak eta langile migratuak); 2013-2023 artean industriako enpresen irabaziak % 53,4 igo dira eta KPIa % 24,4, baina soldatak, % 16,9; eta Europak gutxieneko soldata batez bestekoaren % 60 izatea gomendatzen duenez, hemen 1.600 eurokoa izan beharko litzateke. Helburu hori lortzeko asmoz, 2026rako lehen pausoa eman nahi dute eta gutxieneko soldata 1.500 euroan ezarri.
Greba zertarako?
Sindikatuek nabarmendu dutenez, gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzeak eragin positiboa izango luke soldaten bilakaeran oro har, eta bereziki onuragarria litzateke kolektibo ahulenentzat, hala nola gazteentzat, emakumeentzat edo lan prekarioan ari direnentzat.
Euren berbetan, neurri hori hartzeak arrakala matxista eta arrazistak murrizteko balioko luke, baita soldata guztiak gorantz bultzatzeko ere, enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzeko, gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzeko, sortzen dugun aberastasuna modu justuagoan banatzeko, soldatak (eremu pribatuan zein publikoan) hemen erabakitzeko eta, horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko.
Mobilizazioak goizean eta arratsaldean
Grebaren bidez presioa egin nahi diete bai patronalari bai erakunde publikoei, negoziazio bideak ireki ditzaten. Sindikatuen ustez, orain arte egindako proposamenek ez dute beharrezko erantzunik jaso, eta gutxieneko soldata propioari buruzko eztabaida instituzionala blokeatuta dagoela salatu dute. Horregatik, mobilizazioa tresna gisa ulertzen dute egoera aldatzeko eta eztabaida politikoa berriro mahai gainean jartzeko.
Greba orokorraren deialdiak hainbat gizarte eragileren babesa ere jaso du. Azken asteetan, sindikatuekin batera, hainbat kolektibo eta herri mugimendu batu dira ekimenarekin, lan-baldintzak eta bizi-baldintzak hobetzeko neurriak beharrezkoak direla aldarrikatuz. Era berean, Eibarren bezala, tokian tokiko greba batzordeak antolatzen ari dira mobilizazioa indartzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko.
Greba egunean mobilizazioak eta manifestazioak egingo dira Euskal Herriko hainbat herritan eta hiriburuetan, eta antolatzaileek lan jarduera “ahalik eta gehien gelditzera” deitu dute. Goizean, Gasteizen, Bilbo, Donostian, Iruñean, Tuteran eta Eibarren egingo dira mobilizazioak, eta arratsaldeetan herri bakoitzean.
Eibarren antolatuko diren ekintzen eta ordutegien inguruko informazioa egunotan zehaztuko dute eta Instagrameko @m17eibarkogrebabatzordea kontuan emango dute horien berri.