Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

"Netflix garaile"

2020/06/10
Mintzagai da esatea krisialdietan denok jasaten ditugula nekeak. Hori inoiz ez da izan horrela. Banketxeek eta enpresa elektrikoek ez dituzte lortu, agian, 2008ko krisialdi ekonomikoaren ostean ere mozkin ikaragarriak? Azken hilabeteotan ere bada irabazle izendatu ditzakegunak: gure bizimodu berrirako entertainment-a eskaini dutenak, Netflix enpresa kasurako. Larrialdi erdian adituek pentsatzen zuten 7 milioi lagunetan igoko zela plataforma horretako harpidetza, baina azkenean kopurua bikoiztu egin zen. Azken hilabeteotan ere askotan entzun dugu "distopia" hitza. Baina errealitatea zineman edo telesailetan ikusten dena baino askoz gogorragoa da, eta askoz ilunagoa izango da bide honetatik jarraitzen badugu. Zientzalariek ohartarazten gaituzte, norantz goazen azalduz natura suntsitzen badugu. Lotura handia dagoela pandemia honen eta lurra nola baliatzen dugunaren artean. Eta klima aldaketak pandemia honek sortutako baino ondorio beldurgarriagoak ekarriko dituela jakinarazi digute. Michael Lowy filosofo eta ikertzaileak askotan esan du honakoa bere hitzaldietan: “Munduko tenperatura sei gradu igoko balitz, Danteren infernua  horren ondoan picnic bat besterik ez da izango”.

Bigarren mundu gerraren ondoren kapitalismoa birmoldatu egin zen. Erakunde berriak sortu ziren: Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua, Merkataritzaren Munduko Erakundea... eta mendebaldean "urrezko 30 urteak" izan ziren, kontsumoaren eta ekonomiaren igoeraren urteak. Gero 70eko krisialdia etorri zen eta kapitalismoaren erantzuna neoliberalismoa izan zen, langileen eskubideak murriztuz, hondamen ekologikoa areagotuz eta gure bizimodua aldatuz. 2008ko krisialdia beste kolpe handia izan da langileentzat, denda txikiak zutenentzat, eta abarrentzat. Pandemia hau hasi baino lehenagotik entzuten ziren ahotsak esanez krisialdi berri baten aurrean geundela, eta COVID-19a aitzakia bihurtu daiteke beste murrizketa batzuk abian jartzeko, langileen aurkakoak izango direnak hain zuzen. Pandemiaren aurretik baldintzak zeuden krisi berri batentzako baldintzak bazeuden, COVID-19a lehergaia besterik ez da izan.

Badago kapitalismoaren barruan korronte bat, anarkokapitalismoa deitzen dena, guztia pribatizatuta egon beharko zela defendatzen duena. Estatua Hobbessen Leviathana dela esaten dute eta "askatasuna" pribatizazioa dela. Bakoitzak sinatu behar dituela kontratuak hornitzaileekin eta konpainiekin. Agur osasun eta heziketa publikoari. Hori da proposatzen dutena. Ingurumenari inongo begirunerik eskaini gabe, noski.

Nolakoa izango da sartuta gauden krisialdi honen "irteera"? Datorrena gogorra izango da eta, aurreko krisialdiekin konparaketa eginez, ezaugarri berriak izango ditu gainera. Egia da ere borrokak ikusten direla munduan zehar egoera honi buelta emateko, egia den moduan naziorteko harremanetan birmoldaketa bat sortu daitekeela. Berri ona izan da Iranek Venezuelari petrolio laguntza ematea eta Eurasiako "bloke" bat egotea AEB-ei aurre egiteko.

Zelako ezaugarriak izango ditu "mundu berri" honek? Utopiaren alde (arrazoi utopikoa, Ernst Blochen esanetan) urratsak emateko prest gaude? Edo distopia kapitalistaren zain egongo gara? Orain arte... Netflix garaile.