“Ahobitxiak” (Mikel Arrillaga)

0    Iritzia 
CDwes76
“Ahobitxiak” (Mikel Arrillaga)
ETA KITTO 2019, Ots 03

Arratsaldeko zazpiak bost gutxi; bazatoz. Sartu zara eta eseri betiko aulki orlegian. Goizeko 06:00etan, altxatu, etxea martxan jarri, lanera joan, umea ikastolatik jaso, parkean merienda eman eta abar…; eta bazatoz; miresgarria.
Aukera ugari zenuen: Yoga, Tai chi, ingelesa, makrame ikastaroa, igerilekua, pintxo-potea, etxeko besaulkia… Baina ez, euskara ikastea erabaki zenuen. Ariketak egiten dituzu, irakurri, idatzi, hitz egin… Horixe kostatzen zaizu gehien, hitz egitea. Egunean, egunean hobetzen ari bazara ere, askotan ikusten zaitut, esaldiak bukatu ezinez, katramilatuta, esan nahi duzunaren eta esan ahal duzunaren artean. Ahalegin izugarria egin, eta gainera zera esaten didazu: “Zelako pazientzia daukazun gurekin!”.
Atzo Berbalagun programarena proposatu nizun, on egingo lizukeela mintza talde batean parte hartzeak. Bazenekiela erantzun zenidan, baina betikoa: denbora falta. Orduan atera zen ingurune hurbilaren gaia. Badakit familian aukera gutxi daukazula; senarrak ez daki eta alabak barre egiten dizu euskaraz saiatzen zarenetan.
Eta lagunekin? Ba al daukazu aukerarik?
– Lagunekin? Bai, baina… Zaila da, haien artean euskaraz egiten dute, eta niri erdaraz…
– Benetan? Zuri erdaraz? Baina dena ulertzen duzu…
– Nik esaten diet euskaraz egiteko, baina ez, ez zaie ateratzen…

Berriro, ahobizi asko beti bezain ahobitxi, eta ondorioz, hamaika ahoitxi. Ikasleak burutik kea dariela euskaltegietan, irten kalera eta, gainera, ia erregutu egin behar lagunei, zer eta euskaraz egin diezaieten; kaleak kale. Baina tira… Etorriko da txapatxoa luzitzeko aukera gehiago.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »