Arantza Mata
Arantza Mata

"Aniztasuna ikastetxeetan"

2019/09/11
XX. mende bukaeran genuen gizartearekin alderatuta, XXI. mendeko gizarteak beste une sozial eta historiko batean kokatu gaitu. Ezaugarri gisa, aipatuko dugu mende hasieran inmigrazioak gora egin zuela, eta horrek gizarte-integrazioa lortzeko eragin ditzakeen zailtasunak ekarri ditu. Beraz, aniztasuna eguneroko bizitzaren parte den neurrian, ikastetxeetan islatzen da eta ikastetxeko errealitate bihurtu.

Begi bistan dago gizartea aldatu egin dela eta horrek aldaketak ekarri ditu eskolako xede eta helburuetara; are gehiago, herriak eta horien islada diren hainbat ikastetxek azken urteotan izan duten etorkin etorrera nabaria kontuan izaten badugu. Gaur egun, ikasgela batean hainbat herrialdetako ikasleak aurki ditzakegu, horrek dakarren konplexutasun guztiarekin.

Beraz, ikastetxeek bizi ohi duten errealitate berri horretara egokitzeko ezinbestekoa da elkarrekin bizitzen ikastea eta aniztasuna taxuz kudeatzea. Esan dezakegu gaur egungo gizarteak duen ikasketarik garrantzitsuenetariko bat dela.

Halaber, aniztasunari egoki erantzuteak ahalegin handia eskatzen du; hots, ikasleen aniztasuna erronka berria bihurtu da gaur egun hainbat ikastetxetan. Eta, aniztasunaz hitz egiten dudanean, ez da bakarrik kultur aniztasunari dagokiona: hor daude ere hizkuntzena, erlijioarena, sexu aukerarena, sinismenena, gaitasunena…

Ondorioz, irakasleek aniztasuna bere osotasunean kudeatzeko, baliabideak eta prestakuntza ezinbestekoa dutela argi dago, baina ikastetxeek begirada inklusiboa izan behar dute eta ikasle bakoitzaren gaitasunak ahalik eta gehien garatzen ahalegindu behar dira. Horretarako, hezkuntza komunitateek hausnarketa sakona egin behar dute, planteamendu orokor bat antolatzea komeni da eta guztiok partaide izatea: irakasleak, ikasleak, familiak... Eta gaur  arte balio izan digun metodologia irauli egin behar dela zalantzarik ez dago, ikasleak konpetentzietan hezi behar ditugu eta, nola ez, motibatuta jarraitu dezatela, metodologia anitzekin bide anitzak bilatuz, alegia, gaur egungo ikasleriaren ezaugarriei eta beharrei erantzuteko.