Arantza Mata
Arantza Mata

"Haurreskolak borrokan"

2021/01/16
Haurreskoletan zero eta bi urte arteko umeak egoten dira, eta garai horretan landu beharreko helburua garapen osoa sustatzea izaten da; hau da, ahalmen guztien garapena: fisikoa, soziala, intelektuala eta afektiboa, hain zuzen.

Haurraren bizitzaren etapa garrantzitsuenetarikoa den hori funtsezko aldia dela esan daiteke. Haurrak hainbat lorpen erdietsiko ditu etapa horretan, eta horien gainean osatuko den egiturara egokituko ditu aurrerantzean bizipenak, osatuko du nortasuna eta finkatuko ditu etorkizuneko elkarrekintza sozialen eta intelektualen oinarriak.

Hori guztia kontuan izanda, ezin uka daiteke zein garai garrantzitsua den. Hala ere, gaur egungo egoera dela eta, gai honek badu bere ifrentzua ere. Izan ere, hezitzaileek bizi izaten ari diren egoera ez da egokiena. Abenduaren 10eko eta 16ko grebetan eta mobilizazioetan hala aldarrikatu zuten Haurreskolak-eko langileek: “Haurreskolak Partzuergoan duen Lan Hitzarmena eta akordioak ez dira betetzen ari”. Hezitzaileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari dira, ordezkapenak betetzea eskatzen da eta ordu gehigarririk ez sartzea. Beste behin Hezkuntza Sailak Hezkuntza Publikoa zalantzan jartzen du, noiz arte jarraitu behar dugu horrela? Zaindu dezagun guztion artean Hezkuntza Publikoa, kasu honetan Haurreskoletako hezitzaileek eta familiek sufritzen ari garena.

Haurreskolan dauden umeen garapenarentzat, bertako hezitzaileen funtzioa ezinbestekoa da, eta Orbea Haurreskola Publikoko gure semearen hezitzaileen lana aparta dela ziurta dezaket. Hala ere, horrek ez du esan nahi egoera onenean dabiltzanik lanean. Horregatik eskatzen ari dira ere aldarrikapen horretan Hezkuntza Sailean integratzea, aurrekontua handitzea eta Haurreskolen zerbitzua doanekoa izatea. Beraz, ea behingoz Hezkuntza Sailak aintzat hartzen duen Euskal Eskola Publikoa, denona eta denontzat dena, eta zerbitzuaren kalitatea bermatzen duen eta, nola ez, orain arte sinatu diren akordioak eta Langileen Lan Hitzarmena betetzen duen, aitzakirik erabili gabe