Arantza Mata
Arantza Mata

"Gorputz hezkuntza eta musika"

2021/11/07
2021. urtean gaude eta oraindik hainbat irakaslek bigarren maila batean kokatzen ditu bai Gorputz Hezkuntza (GH), bai Musika ikasgaiak. Gainera, irakasle horiek zuzendaritza taldeetan sartuz gero, ikasgai horiek bigarren mailatik hirugarren mailara igarotzen dira.

Zuzendaritza batean horrelako irakasleak daudenean, ikastetxeko ildo nagusia burmuina lantzean oinarritzen da eta, argi dago ez garela burua bakarrik, gorputza ere bagarela.

Halakoetan, argi izan behar dute bai GHk, bai Musikak bere osotasunean hartzen eta hezten dituela ikasleak. GHko espezialista naizen aldetik, saioetara datozen ikasleak aurre esperientziekin datoz, motibazio eta emozio jakin batzuekin, GHko irakasleok hori guztia hartzen dugu kontuan: alderdi emozionala, erlazionala, kognitiboa eta, nola ez, alderdi fisikoa.

Aitzitik, beraien ikuspegia, ikasleak burmuina garatu behar duela bada, eta ikasleak isilik, geldi eta formal egoten ikasi behar dutela bada, nabaritu egiten da pentsaera hori ikastetxearen dinamikan, metodologietan eta irakasleen ordutegietan.

Gaur egun, Heziberriren arabera, konpetentzia motorra oinarrizko konpetentzia bat da; ezinbestekoa ikaslearen garapen osorako eta haien bizi kalitate hobea izateko, eta hori aitortzea oso garrantzitsua da, ez baititugu eliteko ikasleak trebatu nahi. Matematika ikasgaiari ere eskatzen zaio pertsonaren garapenean laguntzea eta ez ikaslea matematikari bihurtzea.

Pertsonak izaki globalak gara eta ezin ditugu burua eta gorputza banandu; globaltasun hori ulertzen denean emango dira aldaketak, ez bestela. Ez bada globaltasun hori ulertzen, orain arte bezala jarraituko dute zuzendaritzek, haien botereaz baliatuz, Matematika eta Hizkuntzei lehentasuna emanez; ordutegietan irakas-arlo horiek lehenengo orduetan jarriz, ikasleen lasaitasuna aprobetxatzeko eta abar. Gorputza ez da eduki intelektualez betetzeko tresna hutsa, gorputzaren bitartez askotariko adimen motak garatzen eta eraikitzen dira. Izan ezazue hori kontuan!