Arantza Mata
Arantza Mata

"Eskolara bai ala bai!"

2020/10/05
Hezkuntza Sailak ikasturte hasiera presentzialaren aldeko apustua egin zuen eta kartak mahai gainean jarri zituen, baina kalitatezko hezkuntza baten alde? Hezkuntza integrala eskainiz? Higiene-neurri egokiak ahalbideratuz? Ikastetxeek behar dituzten derrigorrezko baliabideak bermatuz?

EZ! EZ! EZ eta EZ! Konfinamendu-sasoian agerian geratu ziren Hezkuntza Sailak izan zituen gestio-arazo eta ahuleziak, eta irailera arteko astia izan du ikastetxeetarako itzulera duina prestatzeko. Aukera izan du Hezkuntza alorreko eragileekin lan kolektibo eta amankomuna egiteko, baina bilerak egon diren arren, berean jarraitu du.

2020-21 ikasturterako Hezkuntza Sailak aurkeztutako protokoloak ere berandu bidali zituzten eta, berandu bidaltzeaz gain, ardura ikastetxe eta zuzendaritzen gain laga dute, egoera honen aurrean, zerbait gertatuz gero, babesik gabe utzita.

Hezkuntza Sailaren jokabidea ikusirik, irailaren 15ean greba egin zen, bertan aldarrikatu ziren, esate baterako, pandemiak ikastetxeetan sortutako egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak,  ratio jaitsiera eta langile kopurua gehitzeko araudia, ordezkapenak lehen egunetik egitea, jangelen egoera eta begirale kopurua bermatzea, kasuan kasu baliabide ekonomiko, pedagogiko, formatibo eta pertsonalez hornitzea...

Baina, oraindik ere, hezkuntza-komunitateek, bereziki zuzendaritza-taldeek eta irakasleek, ikasturteari hasiera eman behar izan diete dauzkaten baliabide material eta baliabide pertsonal murritzekin; eta, horretaz gain, protokoloak martxan jarri, kontingentzia-plana egin eta aurrera eraman, gehi alderdi metodologikoa egokitu, gehi  ikasleen alderdi emozionala zaindu, gehi euskara indartu, gehi, gehi, gehi...
Eta familiak; zer gertatuko da gela bat konfinatzen dutenean edota ikastetxeren bat ixten denean?

Familiek laguntza beharko dute seme-alabak zaintzeko, familia askok opor guztiak xahutu dituzte edota seme-alabak zaintzeko aukerarik ez dute izango. Oraindik ikasturte hasieran gaude, baina laster etorriko dira zaintza-arazoak.

Ikasturte berri eta berezi honi ganoraz eusteko, ezinbestekoa da ikastetxeei guztion konfiantza eta laguntza eskaintzea, eta laguntza horretan zer esan handia izango dute guraso-elkarteek. Animo guztiei!